2012-03-30

Erreportaje multimedia gauzatzeko urratsak


Interneten sorrerak eta web 2.0. jarreraren garapenak tresna eta baliabide berriak ekarri dizkio kazetaritzari; eta horrek arlo guztietan eragin ditu aldaketak. Erreportajegintza generoan ere  berrikuntzarako bideak zabaldu dira; eta horren harira, erreportaje multimediak garatzeko jarraibideak azaldu nahi nituzke ondorengo lerroetan.

Sareko erreportaje bat gauzatzerako orduan hainbat erabaki edo urrats izan behar dira kontuan; izan ere, prozeduran zehar ematen diren pausuak eta hartutako erabakiak sen edo intuizio hutsez egiten dira sarritan. Baina, halako lan bat aurrera eramateak eskatzen dituen hautaketa eta gogoetak barneratzeko, komenigarria izan ohi da ohartu gabe egiten den prozesu natural horretaz guztiaz jabetzea.

Multimedia erreportaje bat egiteko, lehenik eta behin, erreportaje tradizionalen ereduaz gaindiko ikuspegi irekia izatea nahitaezkoa da, sareko komunikazioak eskaintzen dituen ezaugarri bereziak erabili edo integratu behar direlako. Hortaz, hipertestualitatea, interaktibitatea eta multimediatasun faktoreak oso presente egon behar dute erreportajean; eta horiek hastapenetik argi izatea gomendagarria da, gainerako pausu eta erabakietan eragin zuzena baitaukate. Gainera, erreportajean baliabide horiek txertatzeak estrategia linguistiko-diskurtsibo berriak diseinatu eta erabiltzea eskatzen dio egileari.

Orain arteko erreportaje tradizionalak sarrera, garapena eta amaieraren baitako egitura klasikoaren arabera antolatzen ziren. Baina gaur egungo sareko erreportajeetan, hipertestuari esker, ordena hori irauli egiten da eta elementu berriak sartzen dira jokoan, erreportajearen ibilbidea erabiltzailearen esku utziz. Hartzaileari gaia aurkezteko erabiliko den hasierako nodoa edo abiapuntua emango zaio sarrera gisa; baina hortik aurrera, erabiltzailearen erabakia izango da ondorengo nodoen nondik-norakoaren hautaketa eta ordena. Hortaz, erreportajeak linealtasuna galtzen duela esan dezakegu.

Horretaz gain, erreportajearen testuinguratzea, egituratzea eta testuratzea jorratu nahi dugun gai, testuinguru, kotestu eta hartzaile motaren araberakoa izan behar dela esan beharko genuke. Izan ere, hartu beharreko erabaki komunikatiboak edo estrategia linguistikoak, erregistroa kasu, helburua, testuingurua eta kotestuari oso lotuak egon behar dute. Ez baita gauza bera, gazteentzako, helduentzako, euskaldunentzako edo nazioarteko jendearentzat ari garen. Edota, kotestuaren ildotik, skateren inguruko webgune batetarako erreportajea egitean gabiltzan ala botanikaren munduko atari batetarako.

Gainera, teknologia berrien garai honetan, multimediatasuna jokoan sartzen da eta kazetariak ezin du euskarri bakarrarekin lan egin. Hori dela medio, sareko erreportajeetan irudiez gain, testuak, grafikoak, infografiak, audioak, bideoak, mapak… ere txertatzen dira informazioa ahalik eta gehien osatze aldera. Horietako elementu bakoitzak aukera diskurtsibo ezberdinak eskaintzen ditu eta informazio pieza bakoitzak aldaera edo ezaugarri linguistiko anitzak daramatza bere baitan.

Sareko testuinguru bereizgarriekin amaitzeko,  interaktibotasun kontzeptua aipatu nahi nuke; baliabide horrek indar handia baitu, ongi kudeatzen asmatuz gero.  Finean, elkarreragiteak erabiltzaileei parte hartzeko aukera ematen die; eta modu horretan, hartzailea aktibo bihurtzen da, mezuak bi norabideetan zabaldu eta erreportajea bera aberastuz. Hori dela eta, geroz eta gehiago dira web 2.0.-ko eredu edo produktuetan interaktibitatea txertatzen saiatzen direnak, baina oraindik guztiz ustiatu gabeko eremua da. Hortaz, etorkizun laburrean, kazetaritza multimediak izango duen erronkarik handienetakoa izanen da elkarreragitean sakontzea. 


Orain arte aipatutako urrats eta gomendioez gain, erreportajearen diseinua eta estetika ondo landu beharreko elementuak dira. Alde batetik, aukeratu dugun gai eta estiloarekin bat egin behar dutelako; eta bestetik, diseinuak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna uztartzen laguntzen duelako.


Azken gomendio moduan, erreportajearen banaketa eta hedapenari jarri beharreko arreta azpimarratu nahi nuke. Izan ere, erreportaje gehienen helburu nagusietako bat  zabalkuntza izanik, sareak horretarako eskaintzen duen aukera paregabea kontuan hartzekoa da. Besteak beste, ez duelako eredu klasikoetan (telebista edo zinema) bezalako iraungitze datarik; eta gainera, posta elektronikoak nahiz sare sozialek proiektuak lau haizetara zabaldu edo mugitzeko gaitasuna dutelako.