2011-11-22

Melon Meter

Bitxia benetan udan kaleratutako aplikazio berri hau.

Urtaro beroenean erosketak egitera joan eta sandia on bat aukeratzea arazo izan ohi da sarritan. Horri konponbidea eman asmoz  sortu dute iPhone, iPod Touch eta iPadarentzako aplikazio hau.

Melon Meter izeneko ezarpen honi esker mugikorraren mikrofonoa fruituaren kontra jarri eta sandiaren kolpe batzuk ematearekin sandia nahikoa helduta dagoen edo ez neur dezakegu. Hortaz, heldutasun maila egokiena duen sandia aukeratzen lagunduko digu app honek.

Aplikazioa App Storen deskargatu daiteke 1,59€-tan, baina oraingoz Ingeleraz eta Alemanez soilik dago eskuragarri.

Aipagarria da, aplikazioak Youtuben kanal propioa duela eta bertan ikusgai dauden bideoei esker produktuaren erabilera eta ezaugarriak erakusten direla. Horrez gain, Facebooken ere lortu du bere lekua erreminta honek, eta 25                                          jarraitzailek “atsegin duten” orri horretan aplikazioaren inguruko berriak argitaratzen dituzte.

Printzipioz erreminta xelebrea dirudien arren,  nork daki;  agian hemendik aitzina fruitu saltzaileek sandiarik hoberenak salduko badituzte ezinbesteko tresna izango zaie Melon Meter delako hau!





Selecciona un texto y

2011-11-15

Zer da Web 2.0.?


Web 2.0. kontzeptu edo terminoa 2004ean aurkeztu zuten Tim O´Reilly eta bere lan-taldeak, eta ordutik Interneten nagusitu den jarrera dugu Web 2.0. delakoa. Ondorengo bideo honetan azaltzen diren bi pertsonaiek modu sinplean azalduko digute zein diren hain zuzen kontzeptu honen ezaugarri, elementu eta nondik norakoak; edozeinek erraz erraz ulertzeko moduan.






2011-11-04

Bestelako Oihana- Ikus Gaitzazuen

Iruzkin honetan Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak idatzitako Ikus Gaitzazuen liburuaren atal bat aztertuko dugu. “Bestelako Ohiana” izenburupean egungo komunikazioaren egoera eta komunikazio alternatiboek (edo berak dioen moduan bestelako komunikazioa) duten lekua eta funtzionatzeko era azaltzen ditu irakasleak.

Umberto Eco italiar adituaren hitzekin hasten du atala: Ezinezkoa da gauza berriak esatea esateko modu berriak arakatu gabe.

Komunikazioa munduko sektore gehienetan, giza ekintzetan eta, zer esanik ez, giza harremanetan izugarrizko garrantzia duen jarduna da. Baina Greziar Klasikotik Oratoriaren bidez lantzen hasi ziren jardun honi, egungo gizartean, denbora gutxiegi eskaintzen diogu.

Hori dela eta, komunikazioa landu, aztertu eta etengabe berritu behar genuke herdoiltzeko arriskutik urruntzeko. Beraz, Umberto Ecok esan bezala, gauza berriak egin, pentsatu, esan eta adierazi nahi badira formula edo modu berriak sortu behar genituzke; alferrikakoa baita ustez moderno eta iraultzaileak diren mezuak, formulazio kaxkarra dela medio, edota narratiboki atzerakoiak direlako, hartzaileentzat ulertezin bihurtzea.

Horren adibide garbiak ditugu etengabe gure eskuetara iristen dira panfletoak, hauetako asko ulertezinak izan ohi dira erabilitako hizkuntza iluna eta nahasgarriarengatik. Eta are okerragoa dena, panfleto horiek ironiaz beteriko kritika edo salaketa erabili ordez,  sarri, ideologiaz gainzamaturik daude, eta horrek hartzailea neka eta nazka dezake, beraz, mezua ez da behar bezala iristen eta komunikazioak ez du bere helburua bete, huts egiten du.

Horregatik da hain garrantzitsua komunikazio formula berriak bilatu eta eraikitzea, bestelako komunikazio bat bultzatzea, funtsean, “betiko leloaren betiko leloa” jasotzeaz aspertuta gaudelako. Gaur egun komunikazio parte-hartzailea sustatu behar da, eta horretarako hartzaile zorrotz eta irekiak sortzea komeni da, norberak bere ondorioak atera eta pentsamendu kritikoa eraiki dezan.  Sen kritikoa zinez tresna baliagarria dela uste dute aditu askok; horren harira, Russel pedagogo eta literatur Nobel saridun galestarrak dio: “nork bere kabuz deskubritzen dituen gauzak dira inoiz ahazten ez direnak”.  Nire ustez arrazoirik ez zaio falta galestarrari, izan ere, ingurutik jasotakotik, norbere bizipenetatik, ikusitakotik, entzundakotik… ateratako ondorioak baitira norberarengan hoberen errotzen direnak.

Arestian aipatu dugun bestelako komunikazioa edo komunikazio alternatiboa lantzen trebeak dira Mexikoko zapatistak, finean esan daiteke, ongi asmatu dutela teknologia berriak lengoaia berri batekin uztartuz, haien mezuak zabaltzen. Gaur egun, EZLN-eko Marcos komandanteordea mugimendu horren ordezkari eta ikur bihurtu da; bera aspaldi konturatu zen haien komunikazioak askotan porrot egiten zuela, hau da, ez zirela jendearengana iristen. Hortaz, ordura arteko komunikazio sistema goitik behera aldatu zuten, aldaketa integralari ekin zioten eta bestelako komunikazioan murgildu ziren bete betean. Horretarako, agerraldi edo komunikazio bakoitzean izango zuten audientzia aztertu eta horren araberako forma ematen hasi ziren mezuari. Hori bai, forma aldatu arren, beti mezuaren esentzia bera mantenduz. Horrela, gaur egun, herri indigenek Mexikoko gobernuarengandik jasaten duten zapalkuntzaren salaketa mundu guztira helarazten saiatzen dira, beti ere ironia eta kritika ardatz izanik.

EZLN-ek hainbat lorpen egin ditu bere ibilbidean zehar, eta lorpen horietako batzuk erabilitako komunikazio estrategiarekin asmatu izanagatik jaso dituzte, besteak beste, indigenen zapalkuntza munduari erakustea, sormena, ausardia eta politika uztartzea, edota gu guztioi bestelako komunikazioa posible dela erakustea.

Horren adibiderik garbiena dugu aztertzen ari garen liburu honi izenburua ematen dion adierazpena. “Ikus gaitzazuen” ihardetsi zuen Marcosek elkarrizketa batean aurpegia estaltzearen arrazoia galdetu ziotenean. Izan ere, zapatisten sinbolo bihurtu den maskarari esker egin da ezagun mugimendua eta ospe horri esker hasi dira haien mezua zabaltzen, ordua arte, jendeak ez baitzien jaramonik egiten. Paradoxikoa edo kontraesankorra dirudien arren,  EZLN-eko liderraren hitzek dioten bezala: “aurpegia mozorrotu gabe generamanean inork ez zigun begiratzen. Orain jarri dira guri begira, aurpegia mozorrotuta dugulako… Beraz garbi dago: ikus gaitzazuen estali dugu aurpegia. Ikus gaitzazuen.”. Estrategia komunikatibo bikaina. Nire aburuz primeran asmatu du talde honek gizarteatentzat ikusezin izatetik nola bihurtu kolektibo ezagun eta indartsu.

Hala ere zapatisten helburu nagusia haien mezua zabaltzea da, eta beldur dira, sarritan, haien sinbolo, maskara eta burututako zenbait ekintza anekdota hutsean geratuko ote diren, hots, jendeak ez ote dion benetako mezuari, mamiari, erreparatuko.

Gizartean aldaketa sozialak proposatzen dituzten talde askok egin izan dute noizbait zapatisten gisako gogoeta: normalak eta zintzoak bagara, biztanleriaren gehiengoarentzat ikusezinak bihurtzen gara, ez gara existitzen, oharkabe igarotzen gara. Zerbait desberdina egin behar dugu ikus gaitzaten, gure existentziaz jabetu daitezen eta, bide batez, eztabaida eta gogoeta sortarazteko. Gure artean ere badugu ekintzen bidez haien mezuak ezagutarazi dituen talderik; berriki jazotako gertakaria da Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, AHTaren aurkako Mugitu taldeak, Tolosan (Frantzia) aurpegira botatako hiru tartena.

Egia da zalaparta mediatiko handia sortu duela ekintzak, baina beldur diot, zapatisten kezkaren modura, “tartazoena” ez ote den albiste edo anekdota hutsean geratuko; hau da, gizarteari AHTaren kontrako kontzientzia sortu ordez, ekintza ikusgarri hutsean geratzea, edota oraindik kezkagarriagoa izan daitekeena, kontrako efektua sortzea, Barcina eta bere kideek egindako deklarazioei esker, euren buruei propaganda positiboa egin eta AHTaren kontra dagoen jendea bortizkeriarekin eta ideia negatiboekin lotzea.

Gisa horretako ekintzen estrategia komunikatiboetan ezinbesteko elementu bihurtu dira teknologia berriak, eta batez ere Interneta. Izan ere, gaur egun, sarean zehar hedatzen baitira halako protesta eta ekimenak.

Hala ere, teknologia berriak, eta batik bat Interneta, batzuentzat aukera den moduan, beste askorentzat mehatxua izan daiteke.  Izan ere, Internetak hainbat eskaintza onuragarrik dakartza erabiltzaileentzat: informazio bolumen handia erabiltzeko ahalmena, informazioa kontrastatzeko erraztasuna, erabiltzaileen araberako pertsonalizazioa, gune espezializatuak sortzeko posibilitatea, elkarreragitea, informazio, datu eta artxiboak partekatzeko aukera, multimedia erabiltzeko aukera (bideoa, argazki, testu, audio…), iritzi-truke dinamiko eta askeagoa bideratzeko ahalmena, datu base erraldoiak kontsultatzeko erraztasuna…

Baina beste batzuentzat aldiz, Interneta kontrol tresna bat da, botere ekonomiko eta mediatikoarekin batera hirugarren boterea litzateke Interneta. Finean, bi aldeekin nago ados, nire aburuz egia da Internetak aukera berri eta onuragarri asko eskaintzen dituela, baina ezin da ahaztu, kontrola egon badagoela, zentsura badagoela, (Youtube plataforma adibidez oso zalea da zenbait bideo ezabatzen), eta Interneta era egokian erabiltzen ez bada arriskutsua izan daitekeela, edota gure kontra bihur daitekeela.

Gainera, Internetari esker adierazpen askatasuna bermatua dagoela aldarrikatzen duten horiei gogoraraziko nieke, gurean Egunkariak ixteaz gain, sarean ere hainbat webgune ahotsik gabe utzi dituztela; Gaztesarea edo Apurtu.org informazio webgune itxierak dira zentsura horren adibide. Izan ere, bi orrialde horietan zabaltzen ziren albiste eta mezuak ez zuten adierazpen askatasunaren txokoan tokirik, antza.

Gaur egungo beste zentsura mota bat norabide berdintsuetatik heltzen zaigun informazio saturazioa da; hori dela medio, horren kontra azken urteetan egin diren gizarte foroetan bestelako komunikazioaren beharra azpimarratu da. Eta Indymedia bezalako talde edo plataformak sortu dira komunikazio horizontala eredu hartuta, bestelako komunikazioa jorratzeko. “Don´t hate the media. Be the media” edo “ Globalki pentsatu, lokalki jardun” dira haien lelo ezagunenetakoak. Ba horixe, izan gaitezen gu geu ere, modu irekian pentsatuz eta joera berrietara zabalik komunikatzaile.