Argia.com ziber-hedabidearen analisia


1)      Onarpen-maila eta audientzia

Argia astekariak publiko zabala dauka, euskal gizartearen aniztasuna kontuan hartzen duena. Argiak bere webgunean eskuragai duen “Nor/Zer garen” izeneko txosteneko datuen arabera, aldizkaria kontsumitzen dutenen artean %19ak 15-34 urte arteko adin taldea hartzen du; %27a berriz, 35-44 arteko adin taldean kokatzen da; 45-54adin tartekoen %31a eta %33a 55 urtetik gorakoak. Beraz, datuek argi erakusten dute erabiltzaileen soslaia zabala dela gazte zein helduen artean.

Aldizkariaren erabilera datuei dagokionez, paperezko edizioak 8.500 harpidedun dauzka eta  51.000 irakurle. Esan dezakegu, Argia-ren hedapena batez ere harpidedunen bidetik doala. Harpidedunen balorazio inkestatik ateratako datuen arabera,  Argia-ko harpidedun gehienak banako partikularrak dira (%72). Harpidetza kolektiboei dagokienez, instituzioak, euskaltegiak, ikastetxeak eta zerbitzuak dira nagusiki. Erabiltzaile gehienak goi-mailako ikasketadunak dira, euskaldun alfabetatuak eta egoera ekonomiko egonkorra dutenak.

Irakurleak fidelak dira, oro har, eta %83ak astero irakurtzen du astekaria. Batez beste, ordu erdi ematen du bakoitzak eginkizun honetan. Geografiari erreparatuz, Gipuzkoan irakurtzen da gehien bat, %44a zehazki.  Bizkaian ere irakurle nahiko ditu %32ko portzentajerekin; eta  Nafarroan,  Araban eta Iparraldean irakurleen ehunekoak nabarmen egiten du behera. Horrez gain, sareko edizioak egunero bataz  beste daukan sarrera kopurua ere nahiko altua da, 5.000 pertsonakoa hain zuzen.

Alexa.com-eko “Traffic Rank” trafiko neurgailuan ematen dira argia.com ziber-hedabidearen datuak, besteak beste audientzia datuak, geografikoki non kokatzen diren aldizkariko irakurleak edota kontakturako bidea ematen du webgune horrek. OJD Interactiva izeneko datu basean aldiz, ez du lekurik aztertzen gabiltzan hedabideak, eta Google Analytics-en ere ez daude ikusgai.



2) Informaziorako sarbidea

Argia.com atariak atal ugari biltzen ditu bere baitan; eta hauen barruan beste azpi-sail edo azpi-atal asko aurki daitezke, hala nola:

- Astekaria eta horren barruan gai ezberdinak sailkatuta: Kultura, gizartea, hezkuntza, politika, nazioartea, ekonomia, euskara, larrun, hemeroteka eta urtekaria.
- Bereziak: bidaia kalanalak, argia sariak, sagardoa, Gure mendea, 90 urte, M.hamabostaldia, zinemaldia
- Multimedia: Guztiak, Beranduegi, Bideoak,. Diaporamak, Argazki-galeriak, Ekitaldiak, Film laburrak, Dokumentalak, Bereziak.
- Blogak: Bertan Argia aldizkariko kolaboratzaile eta kazetarien blogak biltzen dira
- Aisia: Ihesi, Euskal Herriko gida, Mantxut, Umorea, Denbora-pasak, Winston JR.
- Zerbitzuak: Euskal kulturaren hedabidea, kioskoa, denda, atsotitzak, Oporren kantoia, literaturaren kantoia
- Gunea: Orokorra eta pribatua
- Publizitatea: Argia astekaria, Larrun, Urtekaria eta argia.com
- Harpidetzak: Argia aldizkaria edota Hari@ doako posta bidezko albiste buletina

Argiaren atari nagusiak bilaketak egiteko aukera ematen du hitz bilatzaileari esker edota oso landutako hemeroteka zerbitzuari esker. Bertan ikusgai daude azken hamar urtetako aldizkarietan landutako elkarrizketa, gaiak, atalak… Edota aldizkarian parte hartu duten kolaboratzaile edo egile bakoitzak idatzitakoak ere. Bestalde, atal guztien irakurketa azkarra egiteko, edota webgunearen hezurdura ikusteko webguneko mapa eskaintzen da. 

Argia hizkuntza euskarazko hizkuntza bakarreko aldizkaria da, ordainpeko paperezko edizioa da euskarri nagusia, baina hala ere, aztertzen gabiltzan legez, webgunea dauka. Bertako albiste edo berrien eguneraketetan eguna bai, baina ez da ordurik zehazten; ez eta albistearen autorerik ere.  Horrez gain, Haria@ zerbitzuaren harpidetzaren bidez, azken orduko albiste irakurgailu edo buletina jasotzeko aukera eskaintzen da dohainik posta bidez. Hala nola, gai jakin batzuen inguruko RSS zerbitzua ere. 

Publizitateak oso leku gutxi du atari honen baitan, egiten dena gehien bat korporatiboa da, eta nire ustez eskertzekoa da, bideoetan, edota irakurgaieetan iragarki "bonbardeaketarik" es erabiltzea. Oraingoz, ez du I-pad, I-phone, Smarthphone edo antzeko gailuentzat zerbitzurik. Erabiltzaile gisa erregistratzeko ere ez du aukerarik ematen. Staff edo erredakzioari buruzko daturik ez da ematen, eta enpresa edo komunikazio taldearen inguruan ere oso gutxi azaltzen da, lehen azaldutako Nor/zer garen txostenaren hasieran “komunikazio gune bizia” atalean jartzen duen apurra besterik ez.



3) Eduki Informatiboa

Argiako lehen orrian edo atari orrian biltzen  dira azken berriak argitaratutako dataren arabera, errenkadan. Albiste testu guztiak argazki batekin laguntzen dira. Batzuetan, informazio osagarria eskaintze aldera, esteka bidezko loturak ematen dira, nahi duenari informazio gehiago zabaldu asmoz.

Horrez gain, “Bereziak” izeneko atala dauka ziber-hedabideak, eta bertan, munduko geografiako leku ezberdinetako bidai kanalak biltzen dira mikrowebguneetan banatuta. Horien baitan, erreportaje ezberdin, lotura, argazki, bideo etab. biltzen dira. Horrez gain, zinemaldia, sagardoa edota Argia sarien inguruko mikrowebgune bereziak ere badaude, gai horren inguruko informazio andana bilduz.

Gaur egun hainbeste garrantzia hartu duen multimedia atala ere eskaintzen du ziber-hedabide honek, eta bere baitan, Beranduegi izena hartzen duen asteroko atala duen umorezko albistegia, diaporamak, bideoak, argazki galeriak, ekitaldi, mahai-inguru eta jardunaldi ezberdinetako grabaketak, film laburrak, dokumentalak eta bereziak eskaintzen dituzte. Oro har, multimedia atala oso landuta dagoela esango nuke, eta arreta berezia eskaintzen diotela.




4)  Interaktibotasuna eta parte-hartzea sustatzeko erremintak

Ziber-hedabide honen kolaboratzaileek euren blogak dituzte, eta Argia.com atariaren baitan biltzen dira, Blogak izeneko atalpean. Horrez gain, interaktibotasuna eta parte-hartzea sustatze aldera, web 2.0.-ko erremintak eta sare sozialak erabiltzen ditu ziber-hedabide honek, hala nola, Twitter-a eta Facebook-a. Gainera, albiste bakoitzaren amaieran iruzkinak uzteko aukera ematen du, baita ezagunei informazioa posta bidez bidali, Facebook edo Twitterrez gomendatu, PDF formatuan gorde edota inprimatzeko aukera ere. Zentzu horretan oso osatua dela esan dezakegu, beraz.

Azken aldian ikusleen parte-hartzea sustatze aldera, Beranduegi Argiako asteroko telebista saioak, lehiaketa bat jarri du abian; ikusleek Facebook edo Twitter bidez eurentzat barregarriak, bitxiak edo kuriosoak diren bideoak bidal ditzaten eta erabiltzaileek euren bozken bidez aukeratutako bideo onenaren igorleak sari ezberdinak irabaziko ditu. Horrekin, sare sozialen bidezko zabalkuntza da irabazi nahi dena. Bestalde, Youtube eta Ituneseko kanalak ere badituzte.

Ezinezkoa da zuzenean albisteen autorearekin harremanetan jartzea, berriak zeinek idatzi dituen ez baita esaten. Hala ere, Argia.com-ekin harremanetan jartzeko bidea ematen du atariak, eta pentsatzen dut, horren bidez edota egile bakoitzaren blog-etik haiengana iristeko tartea egongo dela.

Eztabaida foro edo Chatik ez dauka webguneak, baina hala ere, “Lege oharra eta pribatutasun politika” izeneko atalean, webgunea erabiltzeko baldintzak aipatzen dira. Oro har “erabiltzaileak webguneko edukiak arduraz, zuzen eta legeari jarraikiz erabiltzeko betebeharra du, besteren artean, bertako edukiak merkataritza-xedetarako ez erabiltzeko, bertako edukiak ez aldatzeko eta fede onaren aurkako jardueratan ez erabiltzeko” eskatzen da.

Horrez gain, irakurrienen atala ere ikusgai dago, eta normalean, erreportajeak edota elkarrizketak izaten dira jendeak gehien irakurtzen dituenak. Orokorrean, atariak ez du aukerarik ematen albiste, bideo, audio edota argazkiak bidaltzeko, lehen aipatu dugun Beranduegi saioko umorezko bideoak kenduta.


5) Ziber-hedabidea hobetzeko proposamenak

Orokorrean oso webgune txukuna iruditzen zait Argiakoa, horregatik ez dut hobetzeko tarte gehiegirik ikusten. Beharbada, nire hobekuntza nagusia hedabidearen komunikazio taldearen inguruko informazioa eskaintzean legoke; hots, informazio korporatiboa sartuko nuke: noiz sortu zen hedabidea, historia apur bat, gertaera garrantzitsuenak, jasotako sariak, erronkak etab.

Bestalde, teknologia berriek hainbeste garrantzia duten aro honi begira, I-pad, I-phone edota smartphone euskarrirako aplikazioren bat asmatuko nuke. Agian euskararen inguruko zerbait sortu behar litzateke mugikorretarako. Izan ere, Argia aldizkariak garrantzia handia ematen dio gure hizkuntzari, eta ildo horretatik zerbait martxan jartzea ez legoke gaizki, euskara sustatzearekin batera, euskaldun asko eta asko erabiltzaile bihurtuko bailitu horrek.

Horrez gain, erabiltzaile eta irakurleei aukera emango nieke euren bideo, albiste edota argazkiak bidaltzeko. Izan ere, Zuzeu.com plataformak egiten duen gisan, informazio sarea handitzea ahalbidetuko luke horrek, eta horrekin batera, kolaboratzaile sarea ere bai.