2012-04-30

Kalitatezko euskararen hatsarreak, eztabaidagai

Zaila da hizkuntza baten kalitatea neurtzeko irizpideak markatzea, zaila den bezala, euskararen kalitateak zertan datzan definitzea. Eusko Jaurlaritza 2008an argitaratu zuen Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako” izeneko txostenean saiatu zen hizkuntz kalitatea definitzen. Dokumentu horretan, hizkuntzaren kalitatearen baitan honako hiru maila bereizi ziren: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna.

Ados al zaude mailaketa horrekin? 

Nire ustez, hiru dimentsio horiek ez dira kalitatea neurtzeko aldaera egokienak, izan ere, jatortasuna eta egokitasuna definitzea ez da lan erreza, oso ikuspuntu ezberdin edo kontrajarriak suerta litezkeelako bi horiekin. Aldiz, zuzentasunak soilik Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara hartzen du kontuan; eta, sarritan, irizpide hori zurrunegia izan daitekeela iruditzen zait. 

Horrez gain, ezin dugu ahaztu, hizkuntza komunikazio tresna bat dela azken finean. Hortaz, hizkuntzaren kalitatea, beste zenbait faktoreren artean, ulergarritasunarekin lotuta egongo da, ezin baita ulertu funtsean ulergarritasuna oinarri ez duen komunikazio biderik. 

Era berean, kalitatea hizkuntzak bere baitan biltzen dituen alderdi sozio-pragmatiko edo konnotazio emozionalekin lotuta dagoela esango nuke. Hau da, edozer adierazi nahi denerako espresio, adiera eta hitzak izatearekin. 

Gainera, hizkuntzak lurraldearen arabera aldatzen diren moduan, garaiaren arabera ere eraldatzen dira, erabileraren ondorioz. Horren harira, txostenean jasotzen den bezala, *Toni Mollàk honakoa dio: “Hizkuntza ez da ez monolitikoa, ez aldaezina. Aitzitik, hizkuntza heterogeneoa eta dinamikoa da (nola egituran hala erabileran ere)”. Beraz, nire iritziz, kalitatea neurtzeko ez dago lege trinkorik; hizkuntza arina, bizia eta erabilia izan dadin ezin delako zurruntasunez arautu eta mugatu. 

Bestalde, jakina da hizkuntza askok, ingelesak kasu, ez dutela haien hizkuntza formala edo zaindua arautzeko akademiarik; izan ere, ez dute horren beharrik izan, erabilerak eta hizkuntzaren eraldaketa prozesuak bidea eman diotelako, besteak beste, estandarizazioari, erregistro ezberdinei edota hizkuntza bera esparru guztietara iristeko tresna izateari. Euskararen kasuan aldiz, hain une gogorrak bizi zituen garaian sortu zen Euskaltzaindia, eta hortik jaio zen euskara batua ere. Ezin da ukatu Euskararen Erret akademiak eta euskara batuak alor askotan hizkuntzari mesede egin ez diotenik; baina nire ustez, halako instituzioez gain, euskararen kalitatea erabileraren poderioz lortuko da. Beraz, utz diezaiogun euskarari bere bidea egiten.

Orokorrean bat nator txostenean aipatzen diren gauza gehienekin; baina nire ustez ez da zilegi, horrelako informe ofizial batean, hiztun kopurua areagotzeko egin diren ahaleginak euskararen kalitatearen kaltetan izan direla esatea. Izan ere, zenbat hiztunengan konplexua sor baitezake horrek, eta ez dezagun ahaztu, euskara guztiona dela: ama hizkuntza dutenena, etxean zein eskolan ikasi eta ongi egiten dutenena, hain ondo moldatzen ez direnena edota ikasten ari direnena, guztiona. Ezta kalitatearen izenean ere, ez zait iruditzen inolako euskaldunik baztertzeko moduan gaudenik, alderantziz, gure egoera kontuan hartuz, gehiago dira euskara ikasi eta erabiltzera animatu behar ditugunak. Eta aldi berean, saia gaitezen guztiok gure euskara hobetzen, aberasten eta zabaltzen. Nire ustez, euskarak kalitate minimo bat irabazteak badu bere garrantzia, baina kalitate hori ez digu EGA ziurtagiriak edota euskararen zuzentasuna eta jatortasuna betetzeak bermatzen; kalitatea hori guztia baino askoz gehiago baita. 

Bestalde, ez zait egokia iruditzen, txostenean egiten den baieztapen hau, ere: “Hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka planteatzen denean (haur eta gazteen hizkerari dagokionez batez ere), kasurik gehientsuenetan honako gabeziak nabarmendu nahi dira: Zuzentasunari dagokionez, hizkuntzaren ezagupen maila eskasa. Gazteak ez dira adierazi nahi dutena zuzen adierazteko gai.” 

Zer uste duzu zuk horren inguruan? Gazteon euskararen ezagupen maila eskasa al da? Halako txosten batean datu zehatzik eman gabe baieztatu ahal daiteke halakorik? 

Izan daiteke egungo haur eta gazteen hizkuntza maila ez dela egokiena, agian. Baina nire ustez, gazteok adierazi nahi duguna zuzen adierazteko gai ez garela esatea larregi iruditzen zait. Gainera, berriz ere lehengo argumentura itzuliz, adierazpen horiek mingarriak suerta daitezkeela esango nuke; eta horrela, euskararekiko motibazioa sustatu beharrean, jarrera ezkorra areagotzeko arriskua sortzen da. 

Hau guztia esan ostean, nire ustez, euskararen kalitatea euskararen normalizazioaren bidetik etorriko da. Eta zure ustez? 

Iritzien labirintorako bide guztiak zabalik! 

 *Mollà, Toni (2002): Manual de sociolingüística. Bromera. Alzira

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario