2011-12-27

EUSKAL OKELA, proiektu transmedia



Edukia
El Cosmonauta proiektuaren ildotik jarri dute abian Euskal Okela izeneko lehen euskal zonbien inguruko filma. South Park edo Family Guyen gisako istorioak jorratu nahi dituzte, zonbiak protagonistatzat hartuz postaletako Euskal Herri ederra desitxuratzeko. Oro har, 80.hamarkadako komedia izango omen dute oinarritzat.

Generoa
Fikzioa. Beldur eta komedia generoen arteko uztarketa.

Multimediatasuna

Proiektuaren hasieratik amaiera arte sarearekin lotuta egongo den proiektua izango da. Internet eta Sare Sozialak dira haien abiapuntu nagusienak. Facebookeko orri baten bidez eman dute proiektua ezagutzera, bertatik promozionatzen dira eta bertan eratu dute parte-hartzaileen sarea. Bertan partekatzen dira ideiak, istorio berriak etab. Jada 2035 lagunek “atsegin dute” proiektua sare sozial honen baitan.

Interaktibitatea
Interneten bidez batzen diren 800 pertsonak lanean dihardute aktiboki proiektu honetan. Modu horretan, protagonistak, pertsonaiak eta filmaren argumentu edo istorioak jenderen ideia ezberdinak uztartuz egonkortu dira. Horrez gain, jendearen parte-hartze eta laguntza eskatu da pelikulako soinu banda eta musika osatzeko, hala nola bideojoko, merchandising diseinu, kartel, komiki edota obra literarioak sortzeko.  Gainera proiektuarekin bat egiten duen orori horren inguruko kontzertu edo jardunaldiak antolatzera animatzen dute.


Gainera, Crowdsourcing izeneko kolaborazio modua ere sustatzen dute. Hau da, ikus-entzunezkoen munduan jarduten duten profesional zein ikasleei gonbidapena luzatzen diete haiekin kolabora dezaten, ikasleei praktika gisa eta profesionalei haien enpresa edo jarduera ezagutarazteko modu egokia izan daitekeela argudiatuz.

Finantziazioa
Aurrekontu gutxiko filma egin nahi dute, instituzioen laguntza ekonomiko eta horrekin lotuta datorren haien kontroletik at. Finean, herritik eta herriarentzat egindako proiektu batean sinesten dute, hori dela eta, teknologia berriek eta internetek eskaintzen dituzten baliabideak erabiliz sortutako proiektua dute helburu.

Horretarako, inbertsio pribatua eta Crowdfunding deritzon finantzaketa era jarriko dute martxan. Beraz, norbanakoek egindako ekarpen edo dohaintzei esker finantzatuko da filma, norbanako horiek produktore izendatuz (filmaren kredituetan azalduko dira) eta horrez gain, aurrerago aditzera emango dituzten zenbait abantaila eskainiko zaizkie kolaboratzaile horiei.

Iraupena
2011ko martxoaren 16an sortu zen Facebooken proiektua, baina ez dakite zehazki zenbateko iraupena izango duen. Izan ere, data batzuk lotu edo aurreikustea ez da lan erraza, jendearen parte-hartzea, aurrekontua, istorioaren eraketa... beste faktore askoren artean proiektu guztia balidintzatzen duelako.  Horrez gain proiektuak ikusle,kolaboratzaile edo jarraitzaileek nahi adina denbora iraungo du, haien baitan baitago proiektuari eman nahi dioten izaera. Hotsa, film batean utzi nahi duten soilik, edo pelikulatik haratago proiektu zabalago batean moldatu nahi duten.

Jatorria eta Hizkuntza 
Euskal Herriko jatorria duen proiektu honen eraketa gazteleraz gauzatzen ari da, hori dela eta, suposatzen da hizkuntza horretan ekoiztuko dela filma, baina antolatzaileek oraingoz ez dute aditzera eman faktore hori.

Egileak/Sustatzaileak
Ez dago argi nor izan den proiektuaren sustatzaile edo sortzailea, baina gutxinaka geroz eta egile, jarraitzaile edo ekoizle gehiago biltzen ditu proiektuak. Gainera, Baleuko produktora edota HRP makillaje eta karakterizazio enpresa Euskal Okela proiektuan interesa agertu dute eta jada hasi dira kolaboratzen, eta euren jakintza eta baliabideak eskaini dizkiete.


2011-12-15

Hitza egunkaria: informazioa, euskara eta gertutasuna

Ondorengo iruzkinean, Hitza.info hedabidearen analisi sozio-pragmatikoa landuko da, ikuspegi soziolinguistikoa, funtzionala, eta estiloa kontutan hartuz, ondorio batzuk azaleratzeko.

Hasteko,  kontutan hartu behar da, Hitza eskualdeka funtzionatzen duen egunkari euskalduna dela. Hori da bere oinarri eta indargune nagusia. Izan ere, euskara hutsean argitaratzeaz gain, maiztasun handiko jarioa du eta gertutasuna eskaintzen die hartzaileei biltzen dituen gai eta gertakariei dagokienez.

Hori dela medio, euskararen mesede eta sustapenerako lan egiten duela esan daiteke, eta horretarako, euskara batua erabiltzen du. Hala ere, eskualde bakoitzean bertako euskalkiko hitz gutxi batzuk txertatzen dira. Gure aburuz interesgarria litzateke banaketa edo hedapena lurraldeka egiten denez gero, euskalkiei indar gehiago ematea, dudarik gabe Hitza bezalako proiektu batek horretarako aukera ematen duelako.

Oro har, interes sozialeko gai eta albisteak jorratzen ditu Hitzak. Beraz, informaziozko komunikazio eredua lantzen dutela esan daiteke.

Hedabide honen kasuan, nabaria da euskarri fisikoari lehentasuna ematen diotela, ziber-hedabidea bigarren maila batean utziz. Finean, Hitza.info webgunean multimediatasuna eta hipertestua ez da gehiegi lantzen ( bideo, argazki, audio… gutxi agertzen dira eta hiperestekarik ere ez da apenas erabiltzen). Gure ustez gaur egun Interneta hartzen ari den indarra kontuan izanik, sareko bertsioa gehiago sustatu behar litzateke, sare sozialak eta Internetak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.

Jakina da, baliabide ekonomiko urriak  direla medio,  ez dela erraza komunikazio eredu dinamiko bat sortzea, multimediatasun eta digitaltasunari dagokionez.  Hala  ere, haien indar guztiak jartzen ari dira ahal duten neurrian hori sustatzen. Besteak beste, albiste bakoitzaren ostean iruzkinak egiteko tartea eskaintzen du webguneak, eta hori oso interesgarria da irakurleek haien iritzia emateko aukera izan dezaten; eta haien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duelako.

Orokorrean, Hitza egunkariak eredu tradizionala lantzen du, hala ere, hartzaile zabalago batengana iristeko estrategia gisa (batez ere txikienengana)  zorion agurretarako atala txertatzen da kontra-portadan eta baita eskualdekako webguneetan ere.
 

Proposamen gisa, ez legoke gaizki, Hitza.info atari nagusiak eskualdekako albiste garrantzitsu edo interesgarrienak bilduko balitu, horrela, irakurle orok, lehen begirada batean euskal eremu zabalean gertatutakoen berri jakingo luke, eta berea ez den eskualde batean jazotako berriren batean interesa izanez gero, gertuko informazioa jaso ahal izango luke berehala, gainera, tokian bertako euskalkiaz bustita. Horrek, euskarari mesede egingo liokeela uste dugu, euskalki ezberdinetako hitz, esamolde eta estrukturak barneratzeko bidea izan daitekeelako. Finean, irakurleen euskara aberastu edo elikatzeko modu bat izan liteke, elkartrukearen bidez, eskualdez gaindiko lotura sustatzea.

Azkenik, irakurle edo erabiltzaileek beraiek kudeatutako agenda indartsu bat eskuragarri jartzea interesgarria litzateke, estrategia moduan. Horrela, erabiltzaile orok bere eskualdean edo besteren batean egongo diren ekintza ezberdinak txertatuko lituzke agenda edo egutegiko atalean denontzat eskuragarri. 


Iturriak:

- Multimedia testuen estrategia linguistikoak: Hitzaren azterketa  


2011-12-14

Ez nau beldurtzen negu hurbilak...

Haizea, euria, elurra, hotza, izotza...

Negua lo gelditu zaigu oinetan.

Gabonak, sutondoa, berotasuna, goxotasuna...

Izpi lasaigarri bat, negua joan da ta!


Urtarorik hotzenaren inguruko muntaketa esperimentala da honakoa; 
soinu elementu, hitz eta abesti zati ezberdinen arteko nahasketaren emaitza xumea.





2011-11-22

Melon Meter

Bitxia benetan udan kaleratutako aplikazio berri hau.

Urtaro beroenean erosketak egitera joan eta sandia on bat aukeratzea arazo izan ohi da sarritan. Horri konponbidea eman asmoz  sortu dute iPhone, iPod Touch eta iPadarentzako aplikazio hau.

Melon Meter izeneko ezarpen honi esker mugikorraren mikrofonoa fruituaren kontra jarri eta sandiaren kolpe batzuk ematearekin sandia nahikoa helduta dagoen edo ez neur dezakegu. Hortaz, heldutasun maila egokiena duen sandia aukeratzen lagunduko digu app honek.

Aplikazioa App Storen deskargatu daiteke 1,59€-tan, baina oraingoz Ingeleraz eta Alemanez soilik dago eskuragarri.

Aipagarria da, aplikazioak Youtuben kanal propioa duela eta bertan ikusgai dauden bideoei esker produktuaren erabilera eta ezaugarriak erakusten direla. Horrez gain, Facebooken ere lortu du bere lekua erreminta honek, eta 25                                          jarraitzailek “atsegin duten” orri horretan aplikazioaren inguruko berriak argitaratzen dituzte.

Printzipioz erreminta xelebrea dirudien arren,  nork daki;  agian hemendik aitzina fruitu saltzaileek sandiarik hoberenak salduko badituzte ezinbesteko tresna izango zaie Melon Meter delako hau!





Selecciona un texto y

2011-11-15

Zer da Web 2.0.?


Web 2.0. kontzeptu edo terminoa 2004ean aurkeztu zuten Tim O´Reilly eta bere lan-taldeak, eta ordutik Interneten nagusitu den jarrera dugu Web 2.0. delakoa. Ondorengo bideo honetan azaltzen diren bi pertsonaiek modu sinplean azalduko digute zein diren hain zuzen kontzeptu honen ezaugarri, elementu eta nondik norakoak; edozeinek erraz erraz ulertzeko moduan.






2011-11-04

Bestelako Oihana- Ikus Gaitzazuen

Iruzkin honetan Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak idatzitako Ikus Gaitzazuen liburuaren atal bat aztertuko dugu. “Bestelako Ohiana” izenburupean egungo komunikazioaren egoera eta komunikazio alternatiboek (edo berak dioen moduan bestelako komunikazioa) duten lekua eta funtzionatzeko era azaltzen ditu irakasleak.

Umberto Eco italiar adituaren hitzekin hasten du atala: Ezinezkoa da gauza berriak esatea esateko modu berriak arakatu gabe.

Komunikazioa munduko sektore gehienetan, giza ekintzetan eta, zer esanik ez, giza harremanetan izugarrizko garrantzia duen jarduna da. Baina Greziar Klasikotik Oratoriaren bidez lantzen hasi ziren jardun honi, egungo gizartean, denbora gutxiegi eskaintzen diogu.

Hori dela eta, komunikazioa landu, aztertu eta etengabe berritu behar genuke herdoiltzeko arriskutik urruntzeko. Beraz, Umberto Ecok esan bezala, gauza berriak egin, pentsatu, esan eta adierazi nahi badira formula edo modu berriak sortu behar genituzke; alferrikakoa baita ustez moderno eta iraultzaileak diren mezuak, formulazio kaxkarra dela medio, edota narratiboki atzerakoiak direlako, hartzaileentzat ulertezin bihurtzea.

Horren adibide garbiak ditugu etengabe gure eskuetara iristen dira panfletoak, hauetako asko ulertezinak izan ohi dira erabilitako hizkuntza iluna eta nahasgarriarengatik. Eta are okerragoa dena, panfleto horiek ironiaz beteriko kritika edo salaketa erabili ordez,  sarri, ideologiaz gainzamaturik daude, eta horrek hartzailea neka eta nazka dezake, beraz, mezua ez da behar bezala iristen eta komunikazioak ez du bere helburua bete, huts egiten du.

Horregatik da hain garrantzitsua komunikazio formula berriak bilatu eta eraikitzea, bestelako komunikazio bat bultzatzea, funtsean, “betiko leloaren betiko leloa” jasotzeaz aspertuta gaudelako. Gaur egun komunikazio parte-hartzailea sustatu behar da, eta horretarako hartzaile zorrotz eta irekiak sortzea komeni da, norberak bere ondorioak atera eta pentsamendu kritikoa eraiki dezan.  Sen kritikoa zinez tresna baliagarria dela uste dute aditu askok; horren harira, Russel pedagogo eta literatur Nobel saridun galestarrak dio: “nork bere kabuz deskubritzen dituen gauzak dira inoiz ahazten ez direnak”.  Nire ustez arrazoirik ez zaio falta galestarrari, izan ere, ingurutik jasotakotik, norbere bizipenetatik, ikusitakotik, entzundakotik… ateratako ondorioak baitira norberarengan hoberen errotzen direnak.

Arestian aipatu dugun bestelako komunikazioa edo komunikazio alternatiboa lantzen trebeak dira Mexikoko zapatistak, finean esan daiteke, ongi asmatu dutela teknologia berriak lengoaia berri batekin uztartuz, haien mezuak zabaltzen. Gaur egun, EZLN-eko Marcos komandanteordea mugimendu horren ordezkari eta ikur bihurtu da; bera aspaldi konturatu zen haien komunikazioak askotan porrot egiten zuela, hau da, ez zirela jendearengana iristen. Hortaz, ordura arteko komunikazio sistema goitik behera aldatu zuten, aldaketa integralari ekin zioten eta bestelako komunikazioan murgildu ziren bete betean. Horretarako, agerraldi edo komunikazio bakoitzean izango zuten audientzia aztertu eta horren araberako forma ematen hasi ziren mezuari. Hori bai, forma aldatu arren, beti mezuaren esentzia bera mantenduz. Horrela, gaur egun, herri indigenek Mexikoko gobernuarengandik jasaten duten zapalkuntzaren salaketa mundu guztira helarazten saiatzen dira, beti ere ironia eta kritika ardatz izanik.

EZLN-ek hainbat lorpen egin ditu bere ibilbidean zehar, eta lorpen horietako batzuk erabilitako komunikazio estrategiarekin asmatu izanagatik jaso dituzte, besteak beste, indigenen zapalkuntza munduari erakustea, sormena, ausardia eta politika uztartzea, edota gu guztioi bestelako komunikazioa posible dela erakustea.

Horren adibiderik garbiena dugu aztertzen ari garen liburu honi izenburua ematen dion adierazpena. “Ikus gaitzazuen” ihardetsi zuen Marcosek elkarrizketa batean aurpegia estaltzearen arrazoia galdetu ziotenean. Izan ere, zapatisten sinbolo bihurtu den maskarari esker egin da ezagun mugimendua eta ospe horri esker hasi dira haien mezua zabaltzen, ordua arte, jendeak ez baitzien jaramonik egiten. Paradoxikoa edo kontraesankorra dirudien arren,  EZLN-eko liderraren hitzek dioten bezala: “aurpegia mozorrotu gabe generamanean inork ez zigun begiratzen. Orain jarri dira guri begira, aurpegia mozorrotuta dugulako… Beraz garbi dago: ikus gaitzazuen estali dugu aurpegia. Ikus gaitzazuen.”. Estrategia komunikatibo bikaina. Nire aburuz primeran asmatu du talde honek gizarteatentzat ikusezin izatetik nola bihurtu kolektibo ezagun eta indartsu.

Hala ere zapatisten helburu nagusia haien mezua zabaltzea da, eta beldur dira, sarritan, haien sinbolo, maskara eta burututako zenbait ekintza anekdota hutsean geratuko ote diren, hots, jendeak ez ote dion benetako mezuari, mamiari, erreparatuko.

Gizartean aldaketa sozialak proposatzen dituzten talde askok egin izan dute noizbait zapatisten gisako gogoeta: normalak eta zintzoak bagara, biztanleriaren gehiengoarentzat ikusezinak bihurtzen gara, ez gara existitzen, oharkabe igarotzen gara. Zerbait desberdina egin behar dugu ikus gaitzaten, gure existentziaz jabetu daitezen eta, bide batez, eztabaida eta gogoeta sortarazteko. Gure artean ere badugu ekintzen bidez haien mezuak ezagutarazi dituen talderik; berriki jazotako gertakaria da Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, AHTaren aurkako Mugitu taldeak, Tolosan (Frantzia) aurpegira botatako hiru tartena.

Egia da zalaparta mediatiko handia sortu duela ekintzak, baina beldur diot, zapatisten kezkaren modura, “tartazoena” ez ote den albiste edo anekdota hutsean geratuko; hau da, gizarteari AHTaren kontrako kontzientzia sortu ordez, ekintza ikusgarri hutsean geratzea, edota oraindik kezkagarriagoa izan daitekeena, kontrako efektua sortzea, Barcina eta bere kideek egindako deklarazioei esker, euren buruei propaganda positiboa egin eta AHTaren kontra dagoen jendea bortizkeriarekin eta ideia negatiboekin lotzea.

Gisa horretako ekintzen estrategia komunikatiboetan ezinbesteko elementu bihurtu dira teknologia berriak, eta batez ere Interneta. Izan ere, gaur egun, sarean zehar hedatzen baitira halako protesta eta ekimenak.

Hala ere, teknologia berriak, eta batik bat Interneta, batzuentzat aukera den moduan, beste askorentzat mehatxua izan daiteke.  Izan ere, Internetak hainbat eskaintza onuragarrik dakartza erabiltzaileentzat: informazio bolumen handia erabiltzeko ahalmena, informazioa kontrastatzeko erraztasuna, erabiltzaileen araberako pertsonalizazioa, gune espezializatuak sortzeko posibilitatea, elkarreragitea, informazio, datu eta artxiboak partekatzeko aukera, multimedia erabiltzeko aukera (bideoa, argazki, testu, audio…), iritzi-truke dinamiko eta askeagoa bideratzeko ahalmena, datu base erraldoiak kontsultatzeko erraztasuna…

Baina beste batzuentzat aldiz, Interneta kontrol tresna bat da, botere ekonomiko eta mediatikoarekin batera hirugarren boterea litzateke Interneta. Finean, bi aldeekin nago ados, nire aburuz egia da Internetak aukera berri eta onuragarri asko eskaintzen dituela, baina ezin da ahaztu, kontrola egon badagoela, zentsura badagoela, (Youtube plataforma adibidez oso zalea da zenbait bideo ezabatzen), eta Interneta era egokian erabiltzen ez bada arriskutsua izan daitekeela, edota gure kontra bihur daitekeela.

Gainera, Internetari esker adierazpen askatasuna bermatua dagoela aldarrikatzen duten horiei gogoraraziko nieke, gurean Egunkariak ixteaz gain, sarean ere hainbat webgune ahotsik gabe utzi dituztela; Gaztesarea edo Apurtu.org informazio webgune itxierak dira zentsura horren adibide. Izan ere, bi orrialde horietan zabaltzen ziren albiste eta mezuak ez zuten adierazpen askatasunaren txokoan tokirik, antza.

Gaur egungo beste zentsura mota bat norabide berdintsuetatik heltzen zaigun informazio saturazioa da; hori dela medio, horren kontra azken urteetan egin diren gizarte foroetan bestelako komunikazioaren beharra azpimarratu da. Eta Indymedia bezalako talde edo plataformak sortu dira komunikazio horizontala eredu hartuta, bestelako komunikazioa jorratzeko. “Don´t hate the media. Be the media” edo “ Globalki pentsatu, lokalki jardun” dira haien lelo ezagunenetakoak. Ba horixe, izan gaitezen gu geu ere, modu irekian pentsatuz eta joera berrietara zabalik komunikatzaile.

2011-10-10

Infozazpi irratiak programazio berria estreinatuko du

Programa berriz kargaturik dator gaurtik aurrera Infozazpi irrati librea. Goizeko tarteari indar berezia emango diote eta informazioa zein analisia izango dituzte oinarri.

Besteak beste, Doltza Barandiaranek aurkeztuko duen "Hitzen Lihoa" magazinea, "Ilargi Argitan" musika saioa edota "Uhaina Bikaina" surfaren inguruko albisteak bilduko dituen programa izango dira denboraldi honetako nobedadeak.

Horrez gain, hainbat saiok ordu aldaketak izango dituztela iragarri dute,  baita "Kalegorrian" saio ezagunaren mahai-inguruetan gonbidatu berriak egongo direla ere.



2011-10-03

Ongi etorri!


Multimedia Komunikazioko alorrean murgiltzeko lehen saiakeran blog bat sortzeko eskatu digute eta hementxe nire ekarpena.

Blogari izenburu bat jartzeko izan ditudan buruhausteak ikusita, Berri Txarrak taldearen Pangea izeneko abestiaren letra etorri zait gogora, zerbait adierazteko zailtasuna ondo islatzen duen esaldia hain zuzen.

Horrelaxe sortu da zibespazioaren mundu zabalean txoko berri bat.

Besterik gabe, onki xin!