
Hasteko, kontutan hartu behar da, Hitza eskualdeka funtzionatzen duen egunkari euskalduna dela. Hori da bere oinarri eta indargune nagusia. Izan ere, euskara hutsean argitaratzeaz gain, maiztasun handiko jarioa du eta gertutasuna eskaintzen die hartzaileei biltzen dituen gai eta gertakariei dagokienez.
Hori dela medio, euskararen mesede eta sustapenerako lan egiten duela esan daiteke, eta horretarako, euskara batua erabiltzen du. Hala ere, eskualde bakoitzean bertako euskalkiko hitz gutxi batzuk txertatzen dira. Gure aburuz interesgarria litzateke banaketa edo hedapena lurraldeka egiten denez gero, euskalkiei indar gehiago ematea, dudarik gabe Hitza bezalako proiektu batek horretarako aukera ematen duelako.
Oro har, interes sozialeko gai eta albisteak jorratzen ditu Hitzak. Beraz, informaziozko komunikazio eredua lantzen dutela esan daiteke.
Hedabide honen kasuan, nabaria da euskarri fisikoari lehentasuna ematen diotela, ziber-hedabidea bigarren maila batean utziz. Finean, Hitza.info webgunean multimediatasuna eta hipertestua ez da gehiegi lantzen ( bideo, argazki, audio… gutxi agertzen dira eta hiperestekarik ere ez da apenas erabiltzen). Gure ustez gaur egun Interneta hartzen ari den indarra kontuan izanik, sareko bertsioa gehiago sustatu behar litzateke, sare sozialak eta Internetak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuz.
Jakina da, baliabide ekonomiko urriak direla medio, ez dela erraza komunikazio eredu dinamiko bat sortzea, multimediatasun eta digitaltasunari dagokionez. Hala ere, haien indar guztiak jartzen ari dira ahal duten neurrian hori sustatzen. Besteak beste, albiste bakoitzaren ostean iruzkinak egiteko tartea eskaintzen du webguneak, eta hori oso interesgarria da irakurleek haien iritzia emateko aukera izan dezaten; eta haien arteko elkarrizketa ahalbidetzen duelako.
Orokorrean, Hitza egunkariak eredu tradizionala lantzen du, hala ere, hartzaile zabalago batengana iristeko estrategia gisa (batez ere txikienengana) zorion agurretarako atala txertatzen da kontra-portadan eta baita eskualdekako webguneetan ere.
Proposamen gisa, ez legoke gaizki, Hitza.info atari nagusiak eskualdekako albiste garrantzitsu edo interesgarrienak bilduko balitu, horrela, irakurle orok, lehen begirada batean euskal eremu zabalean gertatutakoen berri jakingo luke, eta berea ez den eskualde batean jazotako berriren batean interesa izanez gero, gertuko informazioa jaso ahal izango luke berehala, gainera, tokian bertako euskalkiaz bustita. Horrek, euskarari mesede egingo liokeela uste dugu, euskalki ezberdinetako hitz, esamolde eta estrukturak barneratzeko bidea izan daitekeelako. Finean, irakurleen euskara aberastu edo elikatzeko modu bat izan liteke, elkartrukearen bidez, eskualdez gaindiko lotura sustatzea.
Azkenik, irakurle edo erabiltzaileek beraiek kudeatutako agenda indartsu bat eskuragarri jartzea interesgarria litzateke, estrategia moduan. Horrela, erabiltzaile orok bere eskualdean edo besteren batean egongo diren ekintza ezberdinak txertatuko lituzke agenda edo egutegiko atalean denontzat eskuragarri.
Iturriak:
- Multimedia testuen estrategia linguistikoak: Hitzaren azterketa
No hay comentarios:
Publicar un comentario