2012-04-30

Kalitatezko euskararen hatsarreak, eztabaidagai

Zaila da hizkuntza baten kalitatea neurtzeko irizpideak markatzea, zaila den bezala, euskararen kalitateak zertan datzan definitzea. Eusko Jaurlaritza 2008an argitaratu zuen Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako” izeneko txostenean saiatu zen hizkuntz kalitatea definitzen. Dokumentu horretan, hizkuntzaren kalitatearen baitan honako hiru maila bereizi ziren: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna.

Ados al zaude mailaketa horrekin? 

Nire ustez, hiru dimentsio horiek ez dira kalitatea neurtzeko aldaera egokienak, izan ere, jatortasuna eta egokitasuna definitzea ez da lan erreza, oso ikuspuntu ezberdin edo kontrajarriak suerta litezkeelako bi horiekin. Aldiz, zuzentasunak soilik Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara hartzen du kontuan; eta, sarritan, irizpide hori zurrunegia izan daitekeela iruditzen zait. 

Horrez gain, ezin dugu ahaztu, hizkuntza komunikazio tresna bat dela azken finean. Hortaz, hizkuntzaren kalitatea, beste zenbait faktoreren artean, ulergarritasunarekin lotuta egongo da, ezin baita ulertu funtsean ulergarritasuna oinarri ez duen komunikazio biderik. 

Era berean, kalitatea hizkuntzak bere baitan biltzen dituen alderdi sozio-pragmatiko edo konnotazio emozionalekin lotuta dagoela esango nuke. Hau da, edozer adierazi nahi denerako espresio, adiera eta hitzak izatearekin. 

Gainera, hizkuntzak lurraldearen arabera aldatzen diren moduan, garaiaren arabera ere eraldatzen dira, erabileraren ondorioz. Horren harira, txostenean jasotzen den bezala, *Toni Mollàk honakoa dio: “Hizkuntza ez da ez monolitikoa, ez aldaezina. Aitzitik, hizkuntza heterogeneoa eta dinamikoa da (nola egituran hala erabileran ere)”. Beraz, nire iritziz, kalitatea neurtzeko ez dago lege trinkorik; hizkuntza arina, bizia eta erabilia izan dadin ezin delako zurruntasunez arautu eta mugatu. 

Bestalde, jakina da hizkuntza askok, ingelesak kasu, ez dutela haien hizkuntza formala edo zaindua arautzeko akademiarik; izan ere, ez dute horren beharrik izan, erabilerak eta hizkuntzaren eraldaketa prozesuak bidea eman diotelako, besteak beste, estandarizazioari, erregistro ezberdinei edota hizkuntza bera esparru guztietara iristeko tresna izateari. Euskararen kasuan aldiz, hain une gogorrak bizi zituen garaian sortu zen Euskaltzaindia, eta hortik jaio zen euskara batua ere. Ezin da ukatu Euskararen Erret akademiak eta euskara batuak alor askotan hizkuntzari mesede egin ez diotenik; baina nire ustez, halako instituzioez gain, euskararen kalitatea erabileraren poderioz lortuko da. Beraz, utz diezaiogun euskarari bere bidea egiten.

Orokorrean bat nator txostenean aipatzen diren gauza gehienekin; baina nire ustez ez da zilegi, horrelako informe ofizial batean, hiztun kopurua areagotzeko egin diren ahaleginak euskararen kalitatearen kaltetan izan direla esatea. Izan ere, zenbat hiztunengan konplexua sor baitezake horrek, eta ez dezagun ahaztu, euskara guztiona dela: ama hizkuntza dutenena, etxean zein eskolan ikasi eta ongi egiten dutenena, hain ondo moldatzen ez direnena edota ikasten ari direnena, guztiona. Ezta kalitatearen izenean ere, ez zait iruditzen inolako euskaldunik baztertzeko moduan gaudenik, alderantziz, gure egoera kontuan hartuz, gehiago dira euskara ikasi eta erabiltzera animatu behar ditugunak. Eta aldi berean, saia gaitezen guztiok gure euskara hobetzen, aberasten eta zabaltzen. Nire ustez, euskarak kalitate minimo bat irabazteak badu bere garrantzia, baina kalitate hori ez digu EGA ziurtagiriak edota euskararen zuzentasuna eta jatortasuna betetzeak bermatzen; kalitatea hori guztia baino askoz gehiago baita. 

Bestalde, ez zait egokia iruditzen, txostenean egiten den baieztapen hau, ere: “Hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka planteatzen denean (haur eta gazteen hizkerari dagokionez batez ere), kasurik gehientsuenetan honako gabeziak nabarmendu nahi dira: Zuzentasunari dagokionez, hizkuntzaren ezagupen maila eskasa. Gazteak ez dira adierazi nahi dutena zuzen adierazteko gai.” 

Zer uste duzu zuk horren inguruan? Gazteon euskararen ezagupen maila eskasa al da? Halako txosten batean datu zehatzik eman gabe baieztatu ahal daiteke halakorik? 

Izan daiteke egungo haur eta gazteen hizkuntza maila ez dela egokiena, agian. Baina nire ustez, gazteok adierazi nahi duguna zuzen adierazteko gai ez garela esatea larregi iruditzen zait. Gainera, berriz ere lehengo argumentura itzuliz, adierazpen horiek mingarriak suerta daitezkeela esango nuke; eta horrela, euskararekiko motibazioa sustatu beharrean, jarrera ezkorra areagotzeko arriskua sortzen da. 

Hau guztia esan ostean, nire ustez, euskararen kalitatea euskararen normalizazioaren bidetik etorriko da. Eta zure ustez? 

Iritzien labirintorako bide guztiak zabalik! 

 *Mollà, Toni (2002): Manual de sociolingüística. Bromera. Alzira

 

2012-03-30

Erreportaje multimedia gauzatzeko urratsak


Interneten sorrerak eta web 2.0. jarreraren garapenak tresna eta baliabide berriak ekarri dizkio kazetaritzari; eta horrek arlo guztietan eragin ditu aldaketak. Erreportajegintza generoan ere  berrikuntzarako bideak zabaldu dira; eta horren harira, erreportaje multimediak garatzeko jarraibideak azaldu nahi nituzke ondorengo lerroetan.

Sareko erreportaje bat gauzatzerako orduan hainbat erabaki edo urrats izan behar dira kontuan; izan ere, prozeduran zehar ematen diren pausuak eta hartutako erabakiak sen edo intuizio hutsez egiten dira sarritan. Baina, halako lan bat aurrera eramateak eskatzen dituen hautaketa eta gogoetak barneratzeko, komenigarria izan ohi da ohartu gabe egiten den prozesu natural horretaz guztiaz jabetzea.

Multimedia erreportaje bat egiteko, lehenik eta behin, erreportaje tradizionalen ereduaz gaindiko ikuspegi irekia izatea nahitaezkoa da, sareko komunikazioak eskaintzen dituen ezaugarri bereziak erabili edo integratu behar direlako. Hortaz, hipertestualitatea, interaktibitatea eta multimediatasun faktoreak oso presente egon behar dute erreportajean; eta horiek hastapenetik argi izatea gomendagarria da, gainerako pausu eta erabakietan eragin zuzena baitaukate. Gainera, erreportajean baliabide horiek txertatzeak estrategia linguistiko-diskurtsibo berriak diseinatu eta erabiltzea eskatzen dio egileari.

Orain arteko erreportaje tradizionalak sarrera, garapena eta amaieraren baitako egitura klasikoaren arabera antolatzen ziren. Baina gaur egungo sareko erreportajeetan, hipertestuari esker, ordena hori irauli egiten da eta elementu berriak sartzen dira jokoan, erreportajearen ibilbidea erabiltzailearen esku utziz. Hartzaileari gaia aurkezteko erabiliko den hasierako nodoa edo abiapuntua emango zaio sarrera gisa; baina hortik aurrera, erabiltzailearen erabakia izango da ondorengo nodoen nondik-norakoaren hautaketa eta ordena. Hortaz, erreportajeak linealtasuna galtzen duela esan dezakegu.

Horretaz gain, erreportajearen testuinguratzea, egituratzea eta testuratzea jorratu nahi dugun gai, testuinguru, kotestu eta hartzaile motaren araberakoa izan behar dela esan beharko genuke. Izan ere, hartu beharreko erabaki komunikatiboak edo estrategia linguistikoak, erregistroa kasu, helburua, testuingurua eta kotestuari oso lotuak egon behar dute. Ez baita gauza bera, gazteentzako, helduentzako, euskaldunentzako edo nazioarteko jendearentzat ari garen. Edota, kotestuaren ildotik, skateren inguruko webgune batetarako erreportajea egitean gabiltzan ala botanikaren munduko atari batetarako.

Gainera, teknologia berrien garai honetan, multimediatasuna jokoan sartzen da eta kazetariak ezin du euskarri bakarrarekin lan egin. Hori dela medio, sareko erreportajeetan irudiez gain, testuak, grafikoak, infografiak, audioak, bideoak, mapak… ere txertatzen dira informazioa ahalik eta gehien osatze aldera. Horietako elementu bakoitzak aukera diskurtsibo ezberdinak eskaintzen ditu eta informazio pieza bakoitzak aldaera edo ezaugarri linguistiko anitzak daramatza bere baitan.

Sareko testuinguru bereizgarriekin amaitzeko,  interaktibotasun kontzeptua aipatu nahi nuke; baliabide horrek indar handia baitu, ongi kudeatzen asmatuz gero.  Finean, elkarreragiteak erabiltzaileei parte hartzeko aukera ematen die; eta modu horretan, hartzailea aktibo bihurtzen da, mezuak bi norabideetan zabaldu eta erreportajea bera aberastuz. Hori dela eta, geroz eta gehiago dira web 2.0.-ko eredu edo produktuetan interaktibitatea txertatzen saiatzen direnak, baina oraindik guztiz ustiatu gabeko eremua da. Hortaz, etorkizun laburrean, kazetaritza multimediak izango duen erronkarik handienetakoa izanen da elkarreragitean sakontzea. 


Orain arte aipatutako urrats eta gomendioez gain, erreportajearen diseinua eta estetika ondo landu beharreko elementuak dira. Alde batetik, aukeratu dugun gai eta estiloarekin bat egin behar dutelako; eta bestetik, diseinuak hipertestualitatea, multimediatasuna eta interaktibotasuna uztartzen laguntzen duelako.


Azken gomendio moduan, erreportajearen banaketa eta hedapenari jarri beharreko arreta azpimarratu nahi nuke. Izan ere, erreportaje gehienen helburu nagusietako bat  zabalkuntza izanik, sareak horretarako eskaintzen duen aukera paregabea kontuan hartzekoa da. Besteak beste, ez duelako eredu klasikoetan (telebista edo zinema) bezalako iraungitze datarik; eta gainera, posta elektronikoak nahiz sare sozialek proiektuak lau haizetara zabaldu edo mugitzeko gaitasuna dutelako.


2012-02-25

Ahozkotasun ereduak aro multimedian

Ondorengo lerroetan,  ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoaren inguruko gogoeta txiki bat bildu nahi nuke hiru ikus-entzunezko ezberdinen itzulpenetatik abiatuta.

Hasteko, itzulpengintzaren urrezko araua jatorrizko bertsioari ahalik eta fideltasun handienaz eustea dela esango nuke; fideltasun horren baitan gordeko baitira jatorrizko testuaren mamia eta ezaugarri nagusiak.  Zentzu horretan, testu berriak jatorrizkoaren formaltasun, zailtasun eta emozionalitate maila mantentzea izan behar luke xede.

Horretarako, hartzaileak testuingurua, komunikazio helburua edota erregistroa kontuan izatea nahitaezkoa da. Hala nola, ezinbestekoa da, zuzentasun, jatortasun eta egokitasun gisa definitutako kalitate parametroak aintzat hartzea ere.




Itzulpengintzako lehen ariketa gisa  Torrente, el brazo tonto de la ley filmaren honako zati laburra euskaratu behar izan dugu, eta horretarako hainbat erabaki hartu behar izan ditut ondorengo ezaugarriei erreparatuta. Besteak beste, umorezko filma horren testuingurua, bi pertsonaien arteko erregistro ezberdintasuna, hauen ezaugarri soziolinguistikoak etab.

Erregistro eta indexikalitatearen ezaugarrien artean, formaltasunari dagokionez, oro har, Torrenteren hizkera kolokiala dela esango nuke; baina argot eta tabu zantzu batzuk ere nabaritzen zaizkio, esaterako sexu kontuez ari denean. Bere laguntzailearen hizkera berriz jasoagoa da, usted trataeraz zuzentzen baitzaio Torrenteri. Beraz, ahozko testua euskaratzean tratamendu bereizketa hori nabarmentzeko zuka eta hika aldaerak erabiliko nituzke.

Umorezko pelikula horren testuinguruan eredu estandarrak ez du lekurik, eta egokitasunak zuzentasunak baino garrantzi handiagoa hartzen du kasu honetan. Hori dela eta, pasarte hau itzultzeko eredu normalizatzaile kualitatiboaren aldeko hautua egingo nuke; hots, itzulpenak ahalik errealismo gehien izan dezan, aldaera geografiko edo euskalki bat erabilita. Izan ere, eredu normalizatzailea  tokian tokiko aldaeren errealismoaz baliatzen da estandarraren zenbait testuingurutarako egokitasun ezari behin-behinean aurre egiteko.




Honako bideo hau 20o1eko irailaren 11ko TVEko zuzeneko albistegiari dagokio. Zuzeneko horren helburua erabat informatiboa dela argi geratzen da, eta berriak iritsi ahala ematen ditu aditzera aurkezleak. Beraz, kasu honetan Ana Blanco kazetaria hizkuntza formal edo neutralean mintzo da mezua ahalik eta publiko zabalenera iristea xede izanda.

Ahozko testu hau euskaratu behar banu, informatiboen testuinguruari jarraituz, eredu normatibizatzailea jarraituko nuke. Bide horretatik, zuzentasun akademiko zein gramatikala zainduko nituzke eta euskara batu estandarra erabiliko nuke.

Albistegien kasuan mezuak argia, azkarra eta ulerterraza izan behar du; horrenbestez,  euskararen kalitate irizpideen ildotik, hizkuntzaren zuzentasuna jatortasun eta egokitasunaren gainetik gailendu behar da.



Azken hau Fuga de Cerebros  filmaren trailerra dugu. Pelikula horrek, gazte talde baten inguruko kontakizunak biltzen ditu eta lagun arteko hizkera erabiltzen du oro har.

Bideo labur horretan, filmeko pertsonai ezberdinak aurkezten dira off ahotsezko narratzaile baten laguntzaz; eta berehala atzeman daitezke hizkuntzaren alorrean ematen diren aldaerak. Azken testu hau euskaratzeko, ezinbestekoa da berezitasun horiei erreparatzea, izan ere, narratzaileak, protagonistak, gurpildun aulkian dabilen lagunak edota ikastetxeko zuzendariak darabilten hizkera eta erregistro motak ezberdinak dira.

Hau guztia kontuan izanik eredu normatibizatzaile kuantitatiboa erabiliko nuke trailerraren ahozko testua euskarara moldatzeko. Nire aburuz, kaleko euskararen bidez kutsu errealista lortuko bailuke bertsio moldatuak ere; eta ulergarria litzateke euskal geografiaren luze zabalean. Beraz, kasu honetan ere, Torrenterenean bezala, egokitasuna gailenduko nuke zuzentasuna eta jatortasunaren gainetik.

2012-01-26

#ekbirtualak : Interneteko harreman sareak ehunduz

Iragan abenduaren 20ean, EHUko  Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, mintegi interesgarria izan genuen Euskal Komunitate Birtualen harira. Jardunaldi horretan, interneta eta euskara haien egunerokotasunaren parte diren sei profesional izan genituen hizlari; hauek izan baitira, hein handi batean,  euskarazko komunitate birtualaren sortzaile eta erabiltzaile nagusiak: Luistxo Fernandez (Sustatu.com/CodeSyntax), Lander Arbelaitz (Argia.com) , Hasier Etxeberria (ZuZeu.com) , Idurre Eskisabel (Berria.info), Maite Goñi (Euskaljakintza.com) eta Lontzo Sainz (Eitb.com).

Sei gonbidatu horiek, egunetik egunera parte hartzaile gehiago batzen dituen,  twitterreko euskal komunitatearen parte dira; eta gaiarekin ezin lotuago zegoenez,  sare sozial horretan, jarraipena eman zitzaion ekimenari #ekbirtualak hashtag-aren bidez. Gainera, EHUko hitzordura bertaratu ezin izan zutenentzat, streaming bidez zuzenean ikusteko aukera ere eskaini zuen Berria.info atariak.

Luistxo izan zen mintegiari hasiera eman ziona, eta bere esanetan, euskararen iraunkortasuna mantentzekotan,  interneten egon behar dugu, “sarean ez dagoena ez baita existitzen”. Horretarako, teknologia berrien azkenengo berrikuntzetan muturra sartu beharko genukeela aldarrikatzen zuen; baita, tresna berri eta erabilgarriak sortzeko ahalegina egin beharko dugula aurrerantzean.

Hala ere, Lander Arbelaitz, argia.com atariko arduradunaren ustez, euskara hizkuntza gutxitua izan arren, interneten duen presentziak ez omen du halakorik adierazten; besteak beste, munduan dauden 6000 hizkuntza baino gehiagotik euskara 43.postuan baitago Wikipediako artikulu kopuruei dagokionean. Eta, horrek, euskara nahiko maila onean jartzen du, hizkuntza zaharkituaren etiketa kentzen diolako, nolabait.

Bestalde, Arbelaitzek gogorarazi nahi izan zuen, interneteko erabiltzaile gazteak sare sozialetan dabiltzala, gehien bat; eta erreminta horiek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea ezinbestekoa dela euskararen funtzionaltasuna indartu eta gazteen erregistro informala eraikitzeko. Finean, mundu birtuala, mundu errealaren isla delako, gehienetan;  eta gure errealitate soziolinguistikoak erakusten du gazteek gaztelera, frantsesa edo ingelesa lehenesten dituztela Facebook, Tuenti eta Twitter gisako sareetan.

Maite Goñik esan zuenaren ildotik, Google.com enpresak bere hizkuntzen artean euskara onartu eta txertatzea urrats handia da; baina, nire ustez,  interneteko aplikazioak, programak, nabigatzaileak edota sare sozialak euskaraz edukitzea bezain garrantzitsua da ezarpen horietan gure hizkuntza erabiltzea. Alferrikakoa baita Facebook gisako sare sozialaren interfazea euskaraz edukitzea, gure komunikazio harremanetan erabiltzen ez badugu. Afera horretan, gaur egun, Twitterra euskaraz jartzeko eskaera kanpaina ezberdinak abian dira, eta .eus domeinua lortzeko bidean omen gaude; beraz, euskararen interneteko paisai linguistikoaren alorrean aurrerapausoak ematen ari garen seinale da hori.

Gainera, gaur egun komunitate birtualak harreman pertsonalak ehuntzeko erremintak izateaz gain,  harreman profesionaletarako ere erabiltzen dira, maiz. Hori dela eta, adituek gomendio gisa esan ziguten, ezinbestekoa dela sarean nork bere irudia, presentzia eta ospe digitala garatu zein zaintzea; bide horretan, enpresentzat ikusgai egongo baikara, eta aldi berean, gure Curriculuma eratuko baitugu.

Beste gai batera salto eginez, mahai-inguruan bildu ziren gonbidatuak bat zetozen  euskal komunitatean gogoa, nahia eta dinamismoa badaudela baieztatzean. Baina era berean, hizkuntza politika eraginkorrik ez dagoela salatu nahi izan zuten. Gauzak horrela, bada garaia, orain arte egin ez duten bezala, instituzioek euskarazko komunikazioaren aldeko apustua egin eta inbertitzen hasteko. Izan ere, gaur egungo erabiltzaileak ez daude sareko edukiak kontsumitzeagatik ordaintzen ohituta, eta hori, gerora begira, arazo izan daiteke. Ildo horretan,  Hasier Etxeberria idazleak etorkizun iluna ikusten zuen; eta administrazioen babes ofizial eta ekonomikorik eman ezean, euskaldunok ez omen gara sarean existituko; euskarazko hedabideek zein sareko zerbitzuek ezingo baitute aurrera egin publizitateko diru-iturriekin soilik.

Hau guztia esan ostean, ondorio gisa ikus daiteke euskarak zailtasun handiak dituela, baina aldi berean, interesa eta potentziala badagoela sareko euskal erabiltzaileen artean. Beraz, etorkizunera begira, erronka eta estrategia berriak jarri beharko ditugu martxan eta norberak bere esparruan bultzatu beharko dugu euskararen presentzia sarearen luze zabalean.


2012-01-24

Kalitatezko euskararen hatsarreak, eztabaidagai

Zaila da hizkuntza baten kalitatea neurtzeko irizpideak markatzea, zaila den bezala,  euskararen kalitateak zertan datzan definitzea. Eusko Jaurlaritzak 2004ean “Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako” izenburupean txosten bat argitaratu zuen hizkuntz kalitatearen harira. Dokumentu horretan, *Ibon Sarasolak  egindako proposamenaren ildotik, hizkuntzaren kalitatearen baitan hiru maila bereizten dira: zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna.

Nire ustez, hiru dimentsio horiek ez dira kalitatea neurtzeko aldaera egokienak, izan ere, jatortasuna eta egokitasuna definitzea ez da lan erreza, oso ikuspuntu ezberdin edo kontrajarriak suerta litezkeelako bi horiekin. Aldiz, zuzentasunak soilik Euskaltzaindiaren arauen araberako euskara hartzen du kontutan; eta, sarritan,  irizpide hori zurrunegia izan daitekeela iruditzen zait.

Ezin dugu ahaztu, hizkuntza komunikazio tresna bat dela azken finean; hortaz, hizkuntzaren kalitatea, ezinbestean, ulergarritasunarekin lotuta egongo da, ezin baita ulertu funtsean ulergarritasuna oinarri ez duen komunikazio biderik.

Era berean, kalitatea hizkuntzak bere baitan biltzen dituen alderdi sozio-pragmatiko edo konnotazio emozionalekin lotuta doala esango nuke. Ildo beretik, nire aburuz, hizkuntzaren kalitatea bermatuta egongo da, komunikatzeko garaian, edozein gai, egoera, sentimendu, ikerketa, eremu edo esparru betetzen dituen hizkuntza baldin bada.  Hots, edozer adierazi nahi denerako espresio, adiera eta hitzak dituen hizkuntza bada.

Gainera, hizkuntzak lurraldearen arabera aldatzen diren moduan, garaiaren arabera ere eraldatzen dira, erabileraren ondorioz. Horri lotuta, txostenean jasotzen den bezala, **Toni Mollàk honakoa dio: “Hizkuntza ez da ez monolitikoa, ez aldaezina. Aitzitik, hizkuntza heterogeneoa eta dinamikoa da (nola egituran hala erabileran ere)”.  Beraz, nire iritziz, kalitatea neurtzeko ez dago lege trinkorik; hizkuntza arina, bizia eta erabilia izan dadin ezin delako zurruntasunez arautu eta mugatu.

Jakina da hizkuntza askok, ingelesak kasu, ez dutela haien hizkuntza formala edo zaindua arautzeko akademiarik; izan ere, ez dute horren beharrik izan, erabilerak eta hizkuntzaren eraldaketa prozesuak bidea eman diotelako, besteak beste, estandarizazioari, erregistro ezberdinei edota hizkuntza bera esparru guztietara iristeko tresna izateari. Euskararen kasuan aldiz, hain une gogorrak bizi zituen garaian (oraindik ere zenbait gunetan gupidagabe erasotzen da gure hizkuntza) sortu zen Euskaltzaindia, eta hortik jaio zen euskara batua ere. Ezin da ukatu Euskararen Erret akademiak eta euskara batuak alor askotan hizkuntzari mesede egin ez diotenik; baina nire ustez, halako instituzioez gain, euskararen kalitatea erabileraren poderioz lortuko da, beraz, utz diezaiogun euskarari bere bidea egiten.

Orokorrean bat nator txostenean aipatzen diren gauza gehienekin; baina nire ustez ez da zilegi, horrelako informe ofizial batean,  hiztun kopurua areagotzeko egin diren ahaleginak euskararen kalitatearen kaltetan izan direla esatea. Izan ere, zenbat hiztunengan konplexua sor baitezake horrek, eta ez dezagun ahaztu, euskara guztiona dela: ama hizkuntza dutenena, etxean zein eskolan ikasi eta ongi egiten dutenena, hain ondo moldatzen ez direnena edota ikasten ari direnena, guztiona. Eta kalitatearen izenean, ez zait iruditzen inolako euskaldunik baztertzeko moduan gaudenik, alderantziz, gure egoera kontuan hartuz, gehiago dira euskara ikasi eta erabiltzera animatu behar ditugunak. Eta aldi berean, saia gaitezen guztiok gure euskara hobetzen, aberasten eta zabaltzen.  Nire ustez, euskarak kalitate minimo bat irabazteak badu bere garrantzia, baina kalitate hori ez digu EGA ziurtagiriak edota euskararen zuzentasuna eta jatortasuna betetzeak bermatzen; kalitatea hori guztia baino askoz gehiago baita.

Bestalde, ez zait egokia iruditzen, txostenean egiten den baieztapen hau, ere:  

Hizkuntzaren kalitatearen inguruko kezka planteatzen denean (haur eta gazteen hizkerari dagokionez batez ere), kasurik gehientsuenetan honako gabeziak nabarmendu nahi dira: Zuzentasunari dagokionez, hizkuntzaren ezagupen maila eskasa. Gazteak ez dira adierazi nahi dutena zuzen adierazteko gai.”

Izan daiteke egungo haur eta gazteen hizkuntza maila ez dela egokiena, agian; baina adierazi nahi dutena zuzen adierazteko gai ez direla esatea larregi dela esango nuke. Gainera, berriz ere lehengo argumentura itzuliz, adierazpen horiek mingarriak suerta daitezkeela esango nuke; eta horrela, euskararekiko motibazioa sustatu beharrean, jarrera ezkorra areagotu.

Hau guztia esan ostean,  nire ustez, euskararen kalitatea euskararen normalizazioaren bidetik etorriko da, ez lehenago.


*Sarasola, Ibon (1997) Herri Komunikabideak, III. Jardunaldiak. Arrate. Arco
**Mollà, Toni (2002): Manual de sociolingüística. Bromera. Alzira


2012-01-23

Euskarazko multimedia hedabideen egoera soziolinguistikoa

Ondorengo  testuan euskarazko multimedia hedabideen egoera soziolingustikoaren azterketa  egin nahi da. Izan ere,  jakina da euskararen egoera oso ezberdina dela geografikoki bai eta demografikoki ere. Hau da, lurralde eta adin tartearen arabera alde handia dago, hala nola, ezagutza eta erabilerari dagokionez ere.  2006.urtean Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko IV. Mapa Soziolingustikoaren datuen arabera,  EAE-n populazioaren %18ak erabiltzen du euskara gaztelera baino gehiago eta goranzko joera omen du datu honek. Baina Iparraldeko biztanleen %10.3ren kasua da soilik, eta  Nafarren %5.5arena. Datu horiek argi adierazten dute eremu geografikoak asko baldintzatzen duela euskararen erabilera. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu, ezagutza eta erabilpenaren arteko ezberdintasuna ere oso handia dela lurralde guztietan. 

Hori dela eta, hedabideek zeresan eta zeregin handia dute euskararen egoera soziolinguistikoaren sustapen eta normalizazioan. Berria.info , eitb.com, argia.com, zuzeu.com, sustatu.com… gisako hedabide orokor edo nazionalez gain, tokiko hedabideek ere paper garrantzitsua jokatuko dute euskararen etorkizunean, izan ere, hauek egoera soziolinguistiko zehatzago baten xede-taldearengana zuzentzen baitira. Hori dela eta, bakoitzak dagokion esparruan egin beharko du lan, interes orokorreko gaiak jorratuz edota tokian tokikoetara egokituz. Hala ere, aipatu beharrekoa da, euskarazko komunikabide orok egungo krisi egoerarekin aurrera egiteko dituzten zailtasunak;  eta bereziki Nafarroako hedabideek inoiz baino zailagoa dutela euren jarraikortasuna bermatzea, izan ere, Nafar Gobernuak inongo diru laguntzarik gabe utzi baititu euskarazko komunikabide guztiak. Neurri horrek,  hedabide asko itxi eta ahotsik gabe geratzea eragiten du, Nabarra aldizkaria edo Esan Erran irratia kasu.

Hedabideak lantzearekin batera, sare sozialetan euskararen presentzia areagotzea nahitaezkoa da, finean, sare sozialetan metatzen baita jende kopuru gehien, eta gehienetan modu informalean erabiltzen diren tresnak izanik, gure harreman informalak bakoitzak bere hizkuntzan egitea da irabazi beharreko beste eremu bat.

Nerabeak Interneteko sare sozialak eta euskara izeneko ikerketak argitaratutako emaitzen arabera, euskara gutxi erabiltzen da sare sozialetan nerabeen aldetik. Euskara erabiltzekotan, egoera formaletarako, zoriontzeko, eskerrak emateko, maitasun kontuetarako, agurtzeko… erabiltzen da batez ere, hots, afektibitatea erakusteko. Baina oro har, egoera informaletan gaztelerara jotzen dute. Izan ere,  globalizazioak gaztelania edota ingelesa erabiltzea eragin du, nahiz eta normalean lagunartean euskaraz hitz egin. Egoera nahiko kezkagarria da sareari dagokionez, eta ezinbestekoa dugu sare sozialetan, euskaldunok euskara informala bultzatu eta erabiltzea.

Honakoa da beraz gaur egungo egoeraren azterketa orokorra, eta guztioi dagokigu hizkuntzari, hots, euskarari bultzada ematea. Horretarako, kalitatezko edukiak eta hedabideak sortzea litzateke hoberena.


Datuen Informazio Iturria:



2012-01-14

Ilusio bat, taupadaz betetako 110.000 sentimendu

Jende asko izan ginen Bilbon, ikaragarri!!!

Manifestazioa mututu nahi izan ziguten, izan ere, oraindik ez dute ikasi sentimenduak ezin direla isilarazi. Baina hainbeste urtetan isilaraziak izan diren ahoak iragan larunbatean ez ziren mehatxu eta errepresioarekin josi.

Semea kartzelaratu eta ehunka kilometrotara bihotza apurtu dioten amari ezin zaio esan negarrik ez egiteko, torturatua izan den presoari ezin zaio esan gertatu dena ahazteko, eta ehun eta hamar mila sentimenduri ezin zitzaion esan isilik egoteko.

Ezin genuen pausorik eman jende artean, baina gure buruko kontraesanek jende gehiago egotea nahi genuela oihukatzen ziguten, gure artean falta zirenen berotasuna sumatu nahi genuen, jende artean ito nahi genuen! Kartzeletan itotzen ari diren guztiei askatasun hats bat bidaltzeko.

Askatasun hats horren bidea egiten hasi ginen Urtarrilaren 7an, eta bide hori egitea dugu helburu, bidearen amaieran askatasun hats hori gure artera ekar dezaten. Orduan itoko gara Bilboko kaleetan, orduan aseko da herri honek duen askatasun egarria!




Hemen egun horretan Twitterren jaso ziren milaka elkartasun mezuen bilduma txiki bat: