2012-01-23

Euskarazko multimedia hedabideen egoera soziolinguistikoa

Ondorengo  testuan euskarazko multimedia hedabideen egoera soziolingustikoaren azterketa  egin nahi da. Izan ere,  jakina da euskararen egoera oso ezberdina dela geografikoki bai eta demografikoki ere. Hau da, lurralde eta adin tartearen arabera alde handia dago, hala nola, ezagutza eta erabilerari dagokionez ere.  2006.urtean Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko IV. Mapa Soziolingustikoaren datuen arabera,  EAE-n populazioaren %18ak erabiltzen du euskara gaztelera baino gehiago eta goranzko joera omen du datu honek. Baina Iparraldeko biztanleen %10.3ren kasua da soilik, eta  Nafarren %5.5arena. Datu horiek argi adierazten dute eremu geografikoak asko baldintzatzen duela euskararen erabilera. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu, ezagutza eta erabilpenaren arteko ezberdintasuna ere oso handia dela lurralde guztietan. 

Hori dela eta, hedabideek zeresan eta zeregin handia dute euskararen egoera soziolinguistikoaren sustapen eta normalizazioan. Berria.info , eitb.com, argia.com, zuzeu.com, sustatu.com… gisako hedabide orokor edo nazionalez gain, tokiko hedabideek ere paper garrantzitsua jokatuko dute euskararen etorkizunean, izan ere, hauek egoera soziolinguistiko zehatzago baten xede-taldearengana zuzentzen baitira. Hori dela eta, bakoitzak dagokion esparruan egin beharko du lan, interes orokorreko gaiak jorratuz edota tokian tokikoetara egokituz. Hala ere, aipatu beharrekoa da, euskarazko komunikabide orok egungo krisi egoerarekin aurrera egiteko dituzten zailtasunak;  eta bereziki Nafarroako hedabideek inoiz baino zailagoa dutela euren jarraikortasuna bermatzea, izan ere, Nafar Gobernuak inongo diru laguntzarik gabe utzi baititu euskarazko komunikabide guztiak. Neurri horrek,  hedabide asko itxi eta ahotsik gabe geratzea eragiten du, Nabarra aldizkaria edo Esan Erran irratia kasu.

Hedabideak lantzearekin batera, sare sozialetan euskararen presentzia areagotzea nahitaezkoa da, finean, sare sozialetan metatzen baita jende kopuru gehien, eta gehienetan modu informalean erabiltzen diren tresnak izanik, gure harreman informalak bakoitzak bere hizkuntzan egitea da irabazi beharreko beste eremu bat.

Nerabeak Interneteko sare sozialak eta euskara izeneko ikerketak argitaratutako emaitzen arabera, euskara gutxi erabiltzen da sare sozialetan nerabeen aldetik. Euskara erabiltzekotan, egoera formaletarako, zoriontzeko, eskerrak emateko, maitasun kontuetarako, agurtzeko… erabiltzen da batez ere, hots, afektibitatea erakusteko. Baina oro har, egoera informaletan gaztelerara jotzen dute. Izan ere,  globalizazioak gaztelania edota ingelesa erabiltzea eragin du, nahiz eta normalean lagunartean euskaraz hitz egin. Egoera nahiko kezkagarria da sareari dagokionez, eta ezinbestekoa dugu sare sozialetan, euskaldunok euskara informala bultzatu eta erabiltzea.

Honakoa da beraz gaur egungo egoeraren azterketa orokorra, eta guztioi dagokigu hizkuntzari, hots, euskarari bultzada ematea. Horretarako, kalitatezko edukiak eta hedabideak sortzea litzateke hoberena.


Datuen Informazio Iturria:



No hay comentarios:

Publicar un comentario