2012-01-26

#ekbirtualak : Interneteko harreman sareak ehunduz

Iragan abenduaren 20ean, EHUko  Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, mintegi interesgarria izan genuen Euskal Komunitate Birtualen harira. Jardunaldi horretan, interneta eta euskara haien egunerokotasunaren parte diren sei profesional izan genituen hizlari; hauek izan baitira, hein handi batean,  euskarazko komunitate birtualaren sortzaile eta erabiltzaile nagusiak: Luistxo Fernandez (Sustatu.com/CodeSyntax), Lander Arbelaitz (Argia.com) , Hasier Etxeberria (ZuZeu.com) , Idurre Eskisabel (Berria.info), Maite Goñi (Euskaljakintza.com) eta Lontzo Sainz (Eitb.com).

Sei gonbidatu horiek, egunetik egunera parte hartzaile gehiago batzen dituen,  twitterreko euskal komunitatearen parte dira; eta gaiarekin ezin lotuago zegoenez,  sare sozial horretan, jarraipena eman zitzaion ekimenari #ekbirtualak hashtag-aren bidez. Gainera, EHUko hitzordura bertaratu ezin izan zutenentzat, streaming bidez zuzenean ikusteko aukera ere eskaini zuen Berria.info atariak.

Luistxo izan zen mintegiari hasiera eman ziona, eta bere esanetan, euskararen iraunkortasuna mantentzekotan,  interneten egon behar dugu, “sarean ez dagoena ez baita existitzen”. Horretarako, teknologia berrien azkenengo berrikuntzetan muturra sartu beharko genukeela aldarrikatzen zuen; baita, tresna berri eta erabilgarriak sortzeko ahalegina egin beharko dugula aurrerantzean.

Hala ere, Lander Arbelaitz, argia.com atariko arduradunaren ustez, euskara hizkuntza gutxitua izan arren, interneten duen presentziak ez omen du halakorik adierazten; besteak beste, munduan dauden 6000 hizkuntza baino gehiagotik euskara 43.postuan baitago Wikipediako artikulu kopuruei dagokionean. Eta, horrek, euskara nahiko maila onean jartzen du, hizkuntza zaharkituaren etiketa kentzen diolako, nolabait.

Bestalde, Arbelaitzek gogorarazi nahi izan zuen, interneteko erabiltzaile gazteak sare sozialetan dabiltzala, gehien bat; eta erreminta horiek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea ezinbestekoa dela euskararen funtzionaltasuna indartu eta gazteen erregistro informala eraikitzeko. Finean, mundu birtuala, mundu errealaren isla delako, gehienetan;  eta gure errealitate soziolinguistikoak erakusten du gazteek gaztelera, frantsesa edo ingelesa lehenesten dituztela Facebook, Tuenti eta Twitter gisako sareetan.

Maite Goñik esan zuenaren ildotik, Google.com enpresak bere hizkuntzen artean euskara onartu eta txertatzea urrats handia da; baina, nire ustez,  interneteko aplikazioak, programak, nabigatzaileak edota sare sozialak euskaraz edukitzea bezain garrantzitsua da ezarpen horietan gure hizkuntza erabiltzea. Alferrikakoa baita Facebook gisako sare sozialaren interfazea euskaraz edukitzea, gure komunikazio harremanetan erabiltzen ez badugu. Afera horretan, gaur egun, Twitterra euskaraz jartzeko eskaera kanpaina ezberdinak abian dira, eta .eus domeinua lortzeko bidean omen gaude; beraz, euskararen interneteko paisai linguistikoaren alorrean aurrerapausoak ematen ari garen seinale da hori.

Gainera, gaur egun komunitate birtualak harreman pertsonalak ehuntzeko erremintak izateaz gain,  harreman profesionaletarako ere erabiltzen dira, maiz. Hori dela eta, adituek gomendio gisa esan ziguten, ezinbestekoa dela sarean nork bere irudia, presentzia eta ospe digitala garatu zein zaintzea; bide horretan, enpresentzat ikusgai egongo baikara, eta aldi berean, gure Curriculuma eratuko baitugu.

Beste gai batera salto eginez, mahai-inguruan bildu ziren gonbidatuak bat zetozen  euskal komunitatean gogoa, nahia eta dinamismoa badaudela baieztatzean. Baina era berean, hizkuntza politika eraginkorrik ez dagoela salatu nahi izan zuten. Gauzak horrela, bada garaia, orain arte egin ez duten bezala, instituzioek euskarazko komunikazioaren aldeko apustua egin eta inbertitzen hasteko. Izan ere, gaur egungo erabiltzaileak ez daude sareko edukiak kontsumitzeagatik ordaintzen ohituta, eta hori, gerora begira, arazo izan daiteke. Ildo horretan,  Hasier Etxeberria idazleak etorkizun iluna ikusten zuen; eta administrazioen babes ofizial eta ekonomikorik eman ezean, euskaldunok ez omen gara sarean existituko; euskarazko hedabideek zein sareko zerbitzuek ezingo baitute aurrera egin publizitateko diru-iturriekin soilik.

Hau guztia esan ostean, ondorio gisa ikus daiteke euskarak zailtasun handiak dituela, baina aldi berean, interesa eta potentziala badagoela sareko euskal erabiltzaileen artean. Beraz, etorkizunera begira, erronka eta estrategia berriak jarri beharko ditugu martxan eta norberak bere esparruan bultzatu beharko dugu euskararen presentzia sarearen luze zabalean.


No hay comentarios:

Publicar un comentario