2012-02-25

Ahozkotasun ereduak aro multimedian

Ondorengo lerroetan,  ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoaren inguruko gogoeta txiki bat bildu nahi nuke hiru ikus-entzunezko ezberdinen itzulpenetatik abiatuta.

Hasteko, itzulpengintzaren urrezko araua jatorrizko bertsioari ahalik eta fideltasun handienaz eustea dela esango nuke; fideltasun horren baitan gordeko baitira jatorrizko testuaren mamia eta ezaugarri nagusiak.  Zentzu horretan, testu berriak jatorrizkoaren formaltasun, zailtasun eta emozionalitate maila mantentzea izan behar luke xede.

Horretarako, hartzaileak testuingurua, komunikazio helburua edota erregistroa kontuan izatea nahitaezkoa da. Hala nola, ezinbestekoa da, zuzentasun, jatortasun eta egokitasun gisa definitutako kalitate parametroak aintzat hartzea ere.




Itzulpengintzako lehen ariketa gisa  Torrente, el brazo tonto de la ley filmaren honako zati laburra euskaratu behar izan dugu, eta horretarako hainbat erabaki hartu behar izan ditut ondorengo ezaugarriei erreparatuta. Besteak beste, umorezko filma horren testuingurua, bi pertsonaien arteko erregistro ezberdintasuna, hauen ezaugarri soziolinguistikoak etab.

Erregistro eta indexikalitatearen ezaugarrien artean, formaltasunari dagokionez, oro har, Torrenteren hizkera kolokiala dela esango nuke; baina argot eta tabu zantzu batzuk ere nabaritzen zaizkio, esaterako sexu kontuez ari denean. Bere laguntzailearen hizkera berriz jasoagoa da, usted trataeraz zuzentzen baitzaio Torrenteri. Beraz, ahozko testua euskaratzean tratamendu bereizketa hori nabarmentzeko zuka eta hika aldaerak erabiliko nituzke.

Umorezko pelikula horren testuinguruan eredu estandarrak ez du lekurik, eta egokitasunak zuzentasunak baino garrantzi handiagoa hartzen du kasu honetan. Hori dela eta, pasarte hau itzultzeko eredu normalizatzaile kualitatiboaren aldeko hautua egingo nuke; hots, itzulpenak ahalik errealismo gehien izan dezan, aldaera geografiko edo euskalki bat erabilita. Izan ere, eredu normalizatzailea  tokian tokiko aldaeren errealismoaz baliatzen da estandarraren zenbait testuingurutarako egokitasun ezari behin-behinean aurre egiteko.




Honako bideo hau 20o1eko irailaren 11ko TVEko zuzeneko albistegiari dagokio. Zuzeneko horren helburua erabat informatiboa dela argi geratzen da, eta berriak iritsi ahala ematen ditu aditzera aurkezleak. Beraz, kasu honetan Ana Blanco kazetaria hizkuntza formal edo neutralean mintzo da mezua ahalik eta publiko zabalenera iristea xede izanda.

Ahozko testu hau euskaratu behar banu, informatiboen testuinguruari jarraituz, eredu normatibizatzailea jarraituko nuke. Bide horretatik, zuzentasun akademiko zein gramatikala zainduko nituzke eta euskara batu estandarra erabiliko nuke.

Albistegien kasuan mezuak argia, azkarra eta ulerterraza izan behar du; horrenbestez,  euskararen kalitate irizpideen ildotik, hizkuntzaren zuzentasuna jatortasun eta egokitasunaren gainetik gailendu behar da.



Azken hau Fuga de Cerebros  filmaren trailerra dugu. Pelikula horrek, gazte talde baten inguruko kontakizunak biltzen ditu eta lagun arteko hizkera erabiltzen du oro har.

Bideo labur horretan, filmeko pertsonai ezberdinak aurkezten dira off ahotsezko narratzaile baten laguntzaz; eta berehala atzeman daitezke hizkuntzaren alorrean ematen diren aldaerak. Azken testu hau euskaratzeko, ezinbestekoa da berezitasun horiei erreparatzea, izan ere, narratzaileak, protagonistak, gurpildun aulkian dabilen lagunak edota ikastetxeko zuzendariak darabilten hizkera eta erregistro motak ezberdinak dira.

Hau guztia kontuan izanik eredu normatibizatzaile kuantitatiboa erabiliko nuke trailerraren ahozko testua euskarara moldatzeko. Nire aburuz, kaleko euskararen bidez kutsu errealista lortuko bailuke bertsio moldatuak ere; eta ulergarria litzateke euskal geografiaren luze zabalean. Beraz, kasu honetan ere, Torrenterenean bezala, egokitasuna gailenduko nuke zuzentasuna eta jatortasunaren gainetik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario